Etxebizitzak alokatzeko dirulaguntzak eska daitezke Zestoako Udalean

Ihintza Elustondo 2022ko maiatzaren 2a

Zenbait kolektibori alokairuaren zati bat ordaintzen laguntzea da dirulaguntzen helburua. Laguntza eskuratu nahi dutenek irailaren 1a baino lehen egin behar dituzte eskaerak.

Etxebizitzak alokatzeko dirulaguntzak eska daitezke dagoeneko Zestoako Udalean. Dirulaguntza horien helburua da Zestoako udalerrian ohiko egoitza izateko alokairu erregimenean etxebizitza bat duten edo alokairu erregimenean kontratu bat sinatzeko konpromisoa hartuko duten kolektiboei alokairuaren zati bat ordaintzen laguntzea: zehazki, 18 eta 35 urte bitarteko gazteei, mugikortasun urria duten pertsonei, bananduta edo dibortziatuta dauden pertsonei, 70 urtetik gorako pertsonei, alargunei eta seme-alabak beren kargura dituzten guraso bakarreko familiei.

Etxebizitza partekatzen duten guztiak izan ahalko dira onuradun, baldin eta alokairu kontratua denek sinatzen badute banan-banan. Kasu horretan, eskatzaile bakoitza bizikidetza-unitate independentea izango da, eta kontratua sinatu duten guztien artean banatuta konputatuko da errenta. Eskaera bakoitzeko 250 eurokoa izango da laguntza gehienez, eta hamabi hilabetez jasoko ahal izango da dirulaguntza. Eskaerak Zestoako Udalean aurkeztu beharko dira, 2022ko irailaren 1a baino lehen.

Informazio gehiago nahi duenak Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean eskura dezake.

 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide