Eraso matxistarik gabeko santakutzak aldarrikatu ditu Zestoako Udalak

Andoni Elduaien 2022ko apirilaren 28a

Zestoako Udalak datozen herriko eta auzoetako festetarako indarkeria matxistaren aurkako sentsibilizazio kanpaina abiatu du. Erasoen aurkako gida kaleratu du eta txosnaguneak ere protokoloa izango du.

Egun gutxi barru hasiko dira Zestoan Santakutz jaiak ospatzen, eta Zestoako Udalak eraso matxistei planto egiteko kontzientziazio kanpaina aurkeztu du. "Zestoako festetan ere eraso matxistak egon ohi dira eta horien inguruko kontzientziazioa zabaltzea eta errekurtsoak ezagutzea ezinbestekotzat jotzen dugu", adierazi du udalak. Horregatik, Zestoako festetan ere eraso matxistei planto kanpainari hasiera eman dio erakundeak.

Kanpainaren bidez erakundeak herritarrak eraso matxista eta sexisten aurrean sentsibilizatzea eta informatuak egotea nahi du. Hain zuzen, irizpide batzuk zehaztu nahi ditu udalak erasotua izan den pertsona batekin topo eginez gero zer nolako jarrerarekin jokatu behar den jakiteko. Era berean, arreta emateko pauso batzuk ezagutzea eta larrialdietarako erabilgarriak diren telefono guztien berri izatea nahi du udalak. Hori horrela, informazio adierazgarria zabaltzen duen kartelak jarriko dituzte ostalaritza guneetan eta dendetan. Kartelaren aurkezpena gune horietako langileekin egingo du udalak, guztiek ezagutu ditzaten bertan zehazten diren irizpideak eta telefonoak.

Auzoetako festak udan izango dira, eta auzoetako festa batzordeekin eta elkarteekin ere lanketa bat egiteko asmoa duela adierazi du udalak. Herriko eragile ezberdinekin ere bilera parte hartzaileak egingo dituzte, gaiaren lanketa egin ahal izateko eta boluntario sare bat sortzeko, modu horretan gune informatiboak martxan jarriz eta herritarrei ahalik eta informazio gehien zabalduz.

Irudikoa da Zestoako Udalak jaietarako egin duen kartela.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide