Aurten ere danborradak izango dira Santa Kutz jaietako protagonista. Izan ere, bi urteko etenaren ostean, danbor hotsak izango dira nagusi maiatzaren 2an eta 3an Zestoako kaleetan.
Dagoeneko hasi dira danborradarako entseguekin. Hain zuzen ere, atzo egin zuten lehen saioa hainbat lagunek, kiroldegiaren atarian. Datozen egunetan ere prestaketekin jarraituko dute herritarrek, eta astelehenean, maiatzaren 2an, hasiko dira festak.
Astelehenean, 19:00etan, kalejira egingo dute Idikaitz txistulari taldeak nahiz Zestoako eta Azpeitiko musika bandek. 22:30ean, berriz, helduen danborrada izango da, eta zortzi taldek parte hartuko dute: Ipintza eta Lauiturri (Zumai txarangak lagunduta), Aldrebesak eta Atabalak (Azpeitiko bandak lagunduta), Trapuzarrak eta Zintxontarrak (Ustekabe txarangak lagunduta) eta Gure Txokoa eta Gaztetxea (Zestoako bandak lagunduta). Danborrada bukatzean, Ustekabe txaranga ariko da kalez kale giroa alaitzen.
Santa Kutz egunean, asteartean, ere izango da zer egin Zestoan. 10:30ean hasita, Idikaitz txistulari taldearen diana izango da, eta 12:30ean hasita, meza, parrokian. Umeen danborrada izango da festei bukaera emango dien ekintza, eta hain zuzen ere, 18:00etan hasita gauzatuko dute.