Atzo banatu zituzten Ezkaizto auzo elkarteak Arroako eskolaren laguntzarekin antolatutako Arroabeko IV. Ipuin Lehiaketaren sariak. Auzoko Lehen Hezkuntzako ikasleei zuzendutako lehiaketa da, eta aurten 24 aurkeztu dituzte guztira. Joseba Ossa eta Dani Aizpurua itzultzaileek, eta Jone Carbonell eskolako irakasleak osatu dute aurtengo epaimahaia, eta parte-hartzaile guztiak zoriondu dituzte epaimahaikideek.
Hiru mailatan banatu dituzte lehiaketara aurkeztutako lanak eta sariak. Aurten, gainera, maila bakoitzeko sarituaz gain, aipamen berezi bana ere izan da.
LH 1-2 mailan, Koxmeren arkatz majikoa ipuina saritu dute, Inar Arrizabalagak idatzia. Epaimahaiaren esanetan, "ondo harilkatutako istorioa da, ondo josi du egileak, deskribapen aberatsekin, eta amaieran egoki borobildu du". Maila horretan, aipamen berezia Irati Iribarren Pitxiren abentura lanak jaso du.
LH 3-4 mailan, June Garziarenaren Txori majikoa saritu dute. "Ondo egituratutako istorio polita" dela aipatu du epaimahaiak, "denboran jauziak erabiltzen dituena, eta amaiera orijinala eskaintzen duena". Maila horretan, aipamena Enaitz Ruizen Espazioko robota ipuinarentzat izan da.
Azkenik, LH 5-6 mailan, Nahia Perezek idatzitako Hauts berdea saritu dute. "Zabaltzen dituen balioak" azpimarratu dituzte epaimahaiko kideek, "ondo egituratuta eta azalduta daudenak". Aipamen berezia, berriz, Julen Doñelfak idatzitako Ametsetan galduta ipuinarentzat izan da.
Ipuin guztiak irakurgai
Lehiaketaren aurreko aldietan bezala, Arroabeko IV. Ipuin Lehiaketara aurkeztutako lan guztiak ere Interneten irakurtzeko aukera izango da, Arroabeko eskolaren blogean jarriko baitituzte.