GI-631 errepidearen Zestoako sarrera-irteerak egokitzeko aurreproiektua onartu du Aldundiak

Julene Frantzesena 2022ko apirilaren 6a

G-631 errepideari lotutako trafiko obrek Arteaga auzoko sarrera-irteeretan eta Gesalaga kaleko zein Akoako bideko bidegurutzeetan izango dute eragin nabarmenena, baina baita herriguneko zirkulazioan ere. Obren behin betiko proiektua irailerako bukatzea aurreikusten dute, eta gauzak ondo bidean, Zestoako Udalak 2023an esleituko ditu lanok.

Gipuzkoako Foru Aldundiak argi berdea eman dio Zestoako Udalak herriko sarrera-irteerak egokitzeko gauzatutako aurreproiektuari. Herria gurutzatzen duen GI-631 errepidea eta errepide horretatik herrirako sarrera-irteerak egokitzeko aurreproiektua duela urtebete aurkeztu zuen herri erakundeak, eta herritarrek egindako hainbat ekarpen erantsita, proiektua ontzat eman du foru erakundeak.

Behin betiko proiektua irailean onartzea aurreikusten dute erakundeek, eta gauzak ondo bidean, Zestoako Udalak 2023an esleituko ditu lanak. Obrek 1.300.000 euroko aurrekontua izango dute. Gainera, udalak azaldu duenez, dagoeneko hasi da Gipuzkoako Errepide Sailarekin bilerak egiten, eta Aldundia GI-631 errepideari dagokion obraren zatia finantzatzeko prest agertu da.

G-631 errepideari lotutako trafiko obrek Arteaga auzoko sarrera-irteeretan eta Gesalaga kaleko zein Akoako bideko bidegurutzeetan izango dute eragin nabarmenena. Dena den, herri barruko zirkulazioan ere eragingo ditu aldaketak, eta lan horiek udalak finantzatuko ditu.

Udalak iazko martxoan aurkeztu zien trafikoari lotutako proiektua herritarrei, eta honako lotura honetan irakur daiteke saio haren kronika.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide