Zestoako Udalak zabaldu du uda sasoirako udalekuetan izena emateko epea

Julene Frantzesena 2022ko apirilaren 6a

Azken urteetako gisan, Zestoako Udalak hiru programa jarriko ditu martxan udan sasoian: udaleku irekiak, kirol udalekuak eta Uda Gazte. Bi txanda izango dira udaleku horietako bakoitzean, eta apirilaren 29a izango da horietan izena emateko azken eguna.

Zestoako Udalak zabaldu du aurtengo udalekuetan izena emateko epea. Azken urteetako gisan, hiru programa jarriko ditu martxan udan sasoian: udaleku irekiak, kirol udalekuak eta Uda Gazte. Bi txanda izango dira udaleku horietako bakoitzean: aurrena, ekainaren 27tik uztailaren 8ra; eta uztailaren 11tik 22ra. Bi txandetan ere eman ahal izango dute izena gaztetxoek.

Udaleku irekietan 2 eta 8 urte bitarteko umeek eman ahal izango dute izena, eta ekintzak astelehenetik ostiralera izango dira, 10:00etatik 13:00etara bitartean. Kirol udalekuetan, berriz, 9 eta 11 urte bitarteko haurrentzako ekintzak gauzatuko dituzte, eta saioak 10:00etatik 13:00etara izango dira, astegunetan. Bestalde, Uda Gazte programa 12 eta 16 urte arteko herritarrentzako izango da, eta 09:30etik 12:30era izango dituzte hitzorduak, astelehenetik ostiralera bitartean.

Izena emateko moduak

Udalekuetan parte hartu nahi duten haurrek eta gaztetxoek apirilaren apirilaren 29a baino lehen eman beharko dute izena. Horretarako bi aukera izango dira: Internet bidez edo presentzialki.

Gaztelekuan ala kiroldegian eman ahal izango da izena aurrez aurre. Kiroldegia astelehenetik ostiralera, 08:30etik 21:00etara, eta zapatuetan, 09:00etatik 13:00etara nahiz 16:00etatik 19:00etara, egongo da zabalik. Gaztelekua, berriz, astearteetan eta asteazkenetan, 10:00etatik 14:00etara, eta ostegunetik larunbatera, 16:00etatik 19:30era.

Informazio gehiago, honako lotura honetan.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide