Atzo, astelehena, abiatu zen Euskal Herriko Itzulia Hondarribiatik (Gipuzkoa). Erlojupeko probarekin hasi zuten txirrindulariek sei eguneko lasterketa, eta Primoz Roglic (TJV) gailendu zen Remco Evenepoeli (QST) bost segundo aterata. Larunbateko seigarren eta azken egunean –Eibar eta Arrate artekoan– pasatuko da proba eskualdetik, zehazki Zestoatik eta Azkoititik. Probako etapa nagusia izango da, eta hasieratik oso gogorra izango dela aurreratu dute antolatzaileek. Sailkapen orokorreko txirrindulariek protagonismo berezia hartuko dute, Arratera iritsi aurretik zazpi mendate gainditu beharko baitituzte.
Larunbatean, 14:48-14:53 artean iritsiko dira lehen protagonistak Arroabera; Itziartik iritsiko da lasteketa hara, eta gero Zestoara zuzenduko dira. Zestoan, 14:57-15:02 artean ailegatuko da Itzulia, eta segidan Endoiako mendatea (2. mailakoa) igotzen hasiko dira. Mendatearen gaina 15:06-15:12 artean egitea aurreikusi dute antolatzaileek. Etenik ez dute izango txirrindulariek; izan ere, Endoiako gaina egin eta segituan Azurkiko gaina (1go mailakoa) egitera abiatu beharko dute. Azurkitik zehar sartuko da proba Azkoitiko lurretan.
15:22-15:31 artean espero dira lehen txirrindulariak Azkoitiko Madariaga auzoan. Segidan Azkarateko mendatea jaitsi beharko dute Azkoitia aldera. Herriguneko ibilbidea herriaren kanpoaldetik egingo du txirrindularien tropelak; izan ere, Azkarateko mendatea jaitsi ondoren Altzibarko biribilgunera bideratuko da proba saihesbidetik, handik Urretxurako bidea hartzeko –lasterketa 15:31 eta 15:41 artean espero da herrigunean–.
Txirrindulariek, ordea, ez dute Aizpurutxo zeharkatuko, Elosurako bidegurutzean maldan gora abiatuko baitira. 15:45 eta 15:56 artean iritsiko dira lehen txirrindulariak Elosua auzora, eta handik Gorlako mendatea (2. mailakoa) egitera abiatuko dira. Gorlara, beranduenez, 16:00etan iritsiko da Euskal Herriko Itzulia, eta gero Bergarara jaitsiko dira, pixkanaka-pixkanaka Eibar aldera inguratzen hasteko.