Udalbiltzak martxan jarritako Geuretik Sortuak egitasmoaren barruan egindako Bost teilatu lan kolektiboaren aurkezpena izango dira larunbatean Zestoan. 19:00etan izango da emanaldia, Alondero aretoan.
Bost film laburrek osatzen dute Bost teilatu bilduma: Erika Olaizolak eta Amancay Gaztañagak Tafallan (Nafarroa) egindako Krak film laburrak; Josu Martinezek Baigorrin (Behe Nafarroa) egindako Hitzak lanak; Eñaut Castagnetek Beran eta Lesakan (Nafarroa) sortutako Muga lanak; Leire Egañak Galdakaon (Bizkaia) egindako Erlojupekoa filmak; eta Raul Barrenasek Hernanin (Gipuzkoa) grabatutako Arnasa lanak.
2021ean jarri zuen martxan Geuretik Sortuak egitasmoa, euskara hutsean egindako arte eta kultur sormena, ekoizpena eta hedapena sustatzeko. Idazle, zinemagile nahiz antzerkigile hainbaten egonaldiak sustatu ditu Udalbiltzak, zenbait udalekin elkarlanean, eta dagoeneko hasi dira egonaldi horiek fruituak ematen. Gaztañaga zestoarrak eta Olaizola azpeitiarrak Tafallan egin zuten hilabete inguruko egonaldia, esaterako, eta haren emaitza da Krak ikus-entzunezkoa.