"Ez dagokion dominarik ez jartzeko" eskatu dio Zestoako Udal Gobernuak EAJri

Anartz Izagirre 2022ko martxoaren 24a

Joan zen astean Zestoako EAJko kideek Udal Gobernuari egotzitakoei erantzuna eman die gaur Mikel Arregi alkateak. Garikoitz Mendizabalek eta haren taldeak egindako adierazpenekin "harrituta" daudela adierazi du, eta "seriotasuna" eskatu die jeltzaileei. Bestalde, hainbat erabakiren berri ere eman du Arregik; besteak beste, Iraurgi Berritzenetik ateratzearen zergatiak azaldu ditu.

Zestoako Udal Gobernuak agerraldia egin du gaur, osteguna, udaletxeko osoko bilkura aretoan. Joan zen astean Zestoako EAJk udal aurrekontuei emandako abstentzioaren zergatiak azaldu zituen, eta, besteak beste, Udal Gobernuaren erabakietatik "oso urrun" zeudela azaldu zuen Garikoitz Mendizabal bozeramaileak. Gaur erantzun egin die Mikel Arregi alkateak jeltzaleei; joan zen astean haiek esandakoekin "harrituta" daudela azaldu du, eta "ez dagokion dominarik ez jartzeko" eskatu die haiei. Arregik alboan izan ditu gaur bere taldeko zinegotzi guztiak.

"Zilegi da oposizioak Udal Gobernua kritikatzea, baina kritikatik deskalifikazioetara alde handia dago", adierazi du alkateak hitzartzean. Haren arabera, EAJko kideek eginikoak "balorazio oso subjektiboak" izan dira, eta "seriotasuna" eskatu die Mendizabali eta haren udal taldeari. Zubiaurreko gunearen inguruan EAJk esandakoa "gezurra" dela azaldu du alkateak: "Zubiaurren EAJk egindako planteamendura itzuli garela diote, baina justu kontrakoa egiten ari gara". Alkateak baieztatu du 2017an guraso talde batek eskatu zuela futbol zelai zaharra korrika egiteko eta aisialdirako egokitzeko, baina azaldu du ez duela ulertzen jeltzaleek orain hartu duten jarrera: "'Proiektua geure egiten dugu' diote EAJkoek, baina zertan egon ziren 2019ra arte? Agintaldi erdia eduki zuten han zerbait egiten hasteko". Leku horretan "Zestoako erliebean oinarrituko litzatekeen" bizikleta zirkuitu bat egin nahi du Udal Gobernuak, eremu horretako "altxor arkeologikoaren berri" belaunaldi berriek ere jakin dezaten.

Ibañarrietan auzo elkartea edo kultur etxea egitearen inguruan ere erantzuna eman du Arregik, eta jeltzaleen "ikuspegi falta ikaragarria" salatu du. "Momentu honetan Ibañarrietan 25 pertsona daude erroldatuta, eta han auzo elkartea edo kultur etxea egitea astakeria hutsa eta diru publikoaren erabilera okerra egitea litzateke", azaldu du. Ildo horretatik, Arroagoian kultur etxea dagoela adierazi du Arregik —kilometro batera dago Ibañarrietatik—, eta hango auzokideak prest daudela Ibañarrietakoak bazkide gisa onartzeko.

Alderdi jeltzaleak EH Bilduri egotzi zion beste kontuetako bat alkatearen liberazioa izan zen, hau da, bera bakarrik dagoela liberatuta eta hori ez dela "bidezkoa" azaldu zuten. Horren harira, Arregik azaldu du Zestoako Udalean 1995ean izan zela soldatapeko lehen alkatea, eta geroztik, alkateak bakarrik egon direla liberatuta. "Gu hona ez gatoz politikatik bizitzera, eta geure buruari jartzen dizkiogun soldatak lanean jasotzen ditugun diru sarreren araberakoak izan ohi dira", jakinarazi du alkateak. Ildo horretatik, kudeaketa publikoa ez dutela "ikuspegi profesionaletik soilik" ikusten adierazi du, eta Udal Gobernuak soldatetan diru gehiago ez gastatuta, diru gehiago aurrezten dela udalean.

Iraurgi Berritzenetik kanpo

Zestoako Udalak Iraurgi Berritzen garapen agentziatik ateratzeko erabakia hartu berri du, eta EAJ kexu agertu da herriak "orain arteko laguntza integrala" galduko duelako aurrerantzean. Horren inguruan honakoa dio alkateak: "Gu Iraurgi Berritzenekin eta eskualdeko egiturekin kritikoak izan gara, iruditzen zaigulako herri txikiak kaltetuak izaten garela". Ildo horretatik, aurreko agintaldian Zestoak Iraurgi Berritzenen sartzeko hautua egin zuenean, ez zela "behar bezala negoziatu" azaldu du alkateak, eta Zestoak egiten zuen ekarpen ekonomikoak —80.000 euro urtean, alkatearen arabera— ez zuela "itzulerarik". Era berean, Iraurgi hitzarekin ez direla "identifikatzen" azaldu du. "Iraurgi Berritzenetik ateratzea erabaki dugu, besteak beste, eskualdeko beste herri txikiak ere hortik kanpo daudelako, eta ez gaudelako behar bezala ordezkatuta".

Bestalde, joan zen asteko agerraldian Osinbeltzeko harrobirako duen proiektua izan zen EAJk mahaigaineratu zuen gai esanguratsuetako bat. Horren inguruan Udal Gobernuak duen iritziaren berri ere eman du Arregik. "Agintaldi honetan, ordu asko pasatu eta gero, hitzarmena egitea lortu da, eta hango garbiketaren ostean, orubea udalari itzuliko zaio. Momentu honetan, lehentasuna gune hori txukuntzea eta udalaren esku uztea da". EAJk Osinbeltzerako duen proiektua gaitzetsi du alkateak, eta "seriotasuna eta heldutasuna" eskatu dizkie jeltzaleei.

Horrez gain, GI-631 errepidearen inguruan Udal Gobernuak duen proiektuaz ere mintzatu da Arregi: "Herri honetan zauri historikoa daukagu GI-631 errepidearekin. Sarrera-irteerak ordenatzeko prozesu parte-hartzailea egin genuen, eta gaur esan dezakegu Aldundiak proiektua ontzat eman duela eta gauzatzen hastera goazela". Zestoan lan horiek egiteak herritarren "bizi kalitatea hobetu" egingo duela esan du alkateak.

Amaitzeko, Arregik gogorarazi du "EAJrekin batera herria eraikitzeko prest" dagoela Udal Gobernua, baina EAJk azaldu zuen moduan, bi udal taldeak helburuetatik "oso urrun" daudela iritzi dio. "Batek ez badu nahi, bi ezin dira ondo konpondu", nabarmendu du Arregik.

 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide