Mendebaldeko Sahararen egoera salatu dute hainbat lagunek Zestoan

Anartz Izagirre 2022ko martxoaren 23a

"Sahara libre, erreferenduma orain" eta "Sahara askatu" izan dira, besteak beste, Zestoako plazan izan den elkarretaratzean entzun ahal izan diren leloak.

Eskualdeko Sahararren Kolektiboak deituta, Mendebaldeko Sahararen egoera salatzeko elkarretaratzea izan da gaur, asteazkena, Zestoako plazan. Hainbat herritarrek bat egin dute gaurko deiarekin, eta Sahararen askatasunaren aldeko aldarriak entzun ahal izan dira mobilizazioan. Besteak beste, "Sahara libre, erreferenduma orain" eta "Maroko errudun, Espainia erantzule" izan dira manifestarien leloak.

Antolatzaileek testua irakurri dute elkarretaratzearen amaieran, eta "sendo" salatu dute Espainiako Gobernuak hartu duen jarrera. "Okupatzaile marokoarrei laguntzeko Espainiako legez kanpoko jarrerak konplikazio gehigarriak dakarzkio NBEk Mendebaldeko Saharan duen bake prozesuari, Marokoren eta Fronte Polisarioaren arteko zuzeneko eta baldintzarik gabeko negoziazioak hastea denean lehentasuna", adierazi dute antolatzaileek.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide