Foru Aldundiak sustatutako Gipuzkoako tokiko zaintza ekosistemen diseinuei eta garapenei buruzko jardunaldia egin dute gaur Pasaian, eta diputazioak han aurkeztu du Zaintza HerriLab estrategia. Sektoreko 180 profesionalek parte hartu dute Zaintza HerriLab estrategiaren I. topaketan, eta hainbat erakundetako ordezkariek ere bai. Markel Olano ahaldun nagusia han izan da, eta adinekoen zaintzarako eredu berritzaileak lantzen ari diren udalerrietako ordezkariak ere elkartu dira bertan. Hain zuzen ere, Mikel Arregi Zestoako alkatea eta Leire Goenaga Azpeitiko Udalaren Gizarte Zerbitzuetako batzordeburua izan dira Pasaiako jardunaldian.
Azpeitian udalak Foru Aldundiarekin elkarlanean martxan jarri duen mendeko eta adineko pertsonentzako etxez etxeko zerbitzu integral berria eta Perdillegin eraikiko duten azpiegitura, eta Zestoan adinekoen bakardadeari erantzuteko garatuko duten Izarraitz egitasmoa aipatutako tokiko ekosistemen barruan kokatu dituzte.