Zestoako Udal Gobernua EAJren helburuetatik "oso urrun" dagoela adierazi du alderdi jeltzaleak

Andoni Elduaien 2022ko martxoaren 18a

Udal aurrekontuei emandako abstentzioaren zergatiak azaldu zituen atzo arratsaldean Zestoako EAJk. Garikoitz Mendizabal bozeramaileak Udal Gobernuarekin dituzten adostasunen eta desadostasunen berri eman zuen Zestoako Batzokian egindako agerraldian. Osinbeltzeko harrobiaren aurreproiektuaren nondik norakoak ere aurkeztu zituzten jeltzaleek.

Zestoako EAJk prentsaurrekoa egin zuen atzo, osteguna, udal aurrekontuei emandako abstentzioa herritarrei eta auzotarrei azaltzeko asmoz. Era berean, alderdi jeltzaleak Udal Gobernuaren inguruan duen ikuspegia eta alderdiak dituen proiektuak azaldu zituzten. Garikoitz Mendizabal bozeramaileak hartu zuen hitza, eta hark adierazi zuen Zestoako Udal Gobernua EAJk dituen helburuetatik "oso urrun" dagoela. "Ez zaigu gustatzen Udal Gobernuak eta alkateak markatzen duten estiloa. Kudeaketa oso kaskarra da gure iritziz", adierazi zuen Mendizabalek.

Hala eta guztiz ere, EAJk 2019ko hauteskunde programan zehaztu zituen zenbait ekimen Udal Gobernuak martxan dituela nabarmendu zuen bozeramaileak, hala nola herritarrekin gertuago egoteko aukera ematen duen app-a eta herriguneko sarrera-irteerak hobetuko dituen irisgarritasun plana. Gainera, Udal Gobernuak Zubimusu gunea aisialdirako egokitzeko asmoa duela adierazi zuen. Halere, azken proiektu horrek "kronologia pixka bat" egitea eskatzen duela adierazi zuen jeltzaleen bozeramaileak. "2017an, guraso taldek batek futbol zelai zaharra korrika egiteko eta aisialdirako egokitu zezaten eskatu zuen udalean. Proiektu hura geure egin genuen 2019an, baina hauteskunde garaian egungo EH Bilduko hainbat kidek barregarri utzi zuten sare sozialetan. Bi urte eta erdi pasatu ondoren, badirudi ohartu direla gune hori aisialdirako leku ezinhobea dela". Udala Arkeolanekin eta Aldundiarekin hitz egiten ari da, eta epe laburrean aukera hori aktibatzeko itxaropena nahiz poza adierazi zituen Mendizabalek.

Beste zenbait ekimenen berri ere eman zuen zinegotziak, eta horiei EAJk ez die "inolako oztoporik" jarriko. Energia berriztagarriak izan zituen hizpide lehenik eta behin. "Asko pozten gaitu energia berriztagarrien komunitatea sortzeak, eredu jasangarriaren bidea egin behar dela sinetsita baigaude gu ere". Aldiz, Udal Gobernuari bestelako eskaerak ere egin dizkiotela nabarmendu zuen, hala nola markesinak jartzea eta auzoetako obra txikiak zaintzea eta hornikuntzak osatzea. Markesinei lotuta, gainera, Mendizabalek adierazi zuen hainbat tokitan "egoera deserosoak" suertatzen direla, batetik, "segurtasun faltagatik", eta bestetik, "iluntasunagatik". Era berean, EAJk Udal Gobernuari luzatu dizkio Ibañarrietan eta Narrondon egin beharreko hainbat eskaera.

Osinbeltz eta beste proiektuak

Zestoako EAJk "proiektu mardulagoak" edo "aurrekontu dezentez handiago duten proiektuak" ere eskatu dizkio Udal Gobernuari. Osinbeltz Kultura Harrobiaren aurreproiektuaren berri eman zuen orduan Mendizabalek. "Osinbeltzeko harrobiari ikuspegi desberdin bat eman nahi diogu, hura egoteko espazio naturala izan dadin eta biztanleriak aprobetatxu dezan". EAJren egitasmoaren proiektua lantzea eskatu zuen hark, "aurrerago eta faseka martxan" jarri ahal izateko. 8.000 euro pasatxoko aurrekontua aurkeztu zuen alderdi jeltzaleak proiektuari bidea ireki ahal izateko. "Udalak Osinbeltz harrobiko beheko eremua epe motzean bere egingo zuela jakin genuenean, aurreproiektua gobernu batzarrean aurkeztu genuen. Harrobiak beste erabilera bat izan dezakeela uste dugu, eta horregatik, aukera ireki bat aurkeztu dugu. Anbizio handiko proiektua egingarria da, epe ertain batean, zatika, egin daitekeena".

Mendizabalek proposatu zuen harrobia irisgarria izan daitekeela, bidegorritik harrobi parera ematen duen zubia berreraikita. Harrobiaren beheko eremurako egindako proposamenaren xehetasunak ere aletu zituen ondoren Mendizabalek. Eremuaren erdian balio anitzeko auditorio bat aurkeztu zuen hark. Eremuaren ekialdean, berriz, Urola ibaitik datorren urarekin egindako laku bat aurkeztu zuen, eta gainerako eremuan tirolina, rokodromoa, eta, oro har, aisialdirako gunea. Harrobiaren galeriak, berriz, gune arrikutsuak direla adierazi zuen bozeramaileak, eta  horretarako proposamenak "aurrerago landu" beharko liratekeela iritzi zion.

Gurutzeko Kultur Etxe berriaren proiektua ere hizpide izan zuen zinegotziak; EAJ ez dator bat Udal Gobernuak hartutako erabakiarekin. "Pabilioiak kultur arlorako erabiltzea petatxu txar bat da. Ondo funtzionatu du, eta behin-behinean egokia izan daiteke, baina ez da leku aproposa. Behin-behineko gauzak urteetan luzatzen dira, hori esaten digu esperientziak. Kultur Etxeak egun dagoen lekuan egon behar du. Nahiz eta azpian 100 urterako lizitatuta dauden garajeak egon, horrek ezin du izan oztopo. Eraikin berri bat egitea ez da obra faraoniko bat. Zestoaren antzerako herrietan badaude ereduak, Antzuolan [Gipuzkoa] kasu, baina orain egin nahi den berregokitzearekin ez da lortuko. Hori baino gehiago merezi du herri honek, eta noizbat heldu beharko zaio behar handi horri. Proiektua lantzea eskatzen dugu, eragile guztiekin adostu eta gero". Horrez gain, irisgarritasun ikerketa sakon bat egitea eta bainuetxe ondoko tren geltokiari nahiz bere alboko eraikin txikiri izaera dibulgatzailea emateko eskatu zuten.

Alderdi jeltzaleak EH Bilduri eta alkateari zuzendutako hitzak ere izan zituen. "Udal Gobernuan ez dago talde motibaziorik. Udaletxean alkatea bakarrik dago liberatuta, eta hori ez da inolaz ere bidezkoa. Onartzen dugu ez ginela Udal Gobernuan sartu, baina herri eta auzoetarako proiektu ederra dugu esku artean eta saiatuko gara apurka-apurka hori aurrera ateratzen. Etxeko lanak herrian bertan egin behar dira, eta ez dugu uste Udal Gobernuak horretarako nahikoa ikusmira duenik. Alkate honek zirt edo zart egiten du, baina eraikitzeko baino gehiago egiten du desegiteko". EH Bilduk "txikian" pentsatzen duela ere uste dute jeltzaleek, eta Zestoak aurrera egiteko hainbat arlotan "inbertsio handiak" behar direla. "Alkateak esana da, Zestoak lotarako herria bihurtzeko arriskua duela; eta zer egiten da hori ekiditeko? Ezer gutxi". Zestoa Iraurgi Berritzenetik atera dela ere jakinarazi zuen hark, eta herriak "orain arteko laguntza integrala" galduko duelako kexu agertu zen.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide