Oraingoz 30 lagunek eman dute izena Zestoako Herri Krosean

Ihintza Elustondo 2022ko mar. 14a, 11:31

Igandean jokatuko dute Zestoako 42. Herri Krosa. Helduen probetan 30 lagunek eman dute izena, baina aste honetan ere badago horretarako aukera. Egunean bertan ezingo da aurrez aurre izenik eman.

Zestoako Atletismo Taldeak gogorarazi du igande honetan, martxoak 20, jokatuko dela Zestoako 42. Herri Krosa. Betiko moduan, haurrei nahiz helduei zuzendutako lasterketak antolatu dituzte. 10:00etan hasiko dira umeen probak, eta mailaka bereizita egingo dituzte. Helduen lasterketa, berriz, 11:30ean hasiko da. Helduek bi ibilbide izango dituzte aukeran: motza, 2.770 metrokoa, eta luzea, 8.630 metrokoa. Bi lasterketak ordu berean hasiko dira.

Oraingoz, helduen probetan 30 lagunek eman dute izena, baina antolatzaileek azaldu dute aste honetan ere badagoela izena emateko aukera. Lasterketa egunera arte egin daiteke izen ematea, herrikrosa.eus webgunean, bost euro ordainduta. Hasiera batean azaldu zuten probaren egunean aurrez aurre izena emateko aukera ere izango zela, baina gaur jakinarazi dute hori ez dela horrela izango, eta beraz, ezinbestean Internetez eman beharko dela izena. Dortsalak lasterketaren egunean jaso beharko dira, udaletxearen azpian. Gaztetxoei, berriz, ikastetxeetan banatuko zaizkie txartelak; hala ere,  lasterketaren egunean izena eman eta txartela jaso ahal izango dute horiek.

Hainbat sari banatuko dituzte haurren nahiz helduen artean, eta lasterketak amaitzean, hamaiketakoa izango da korrikalari guztientzat.

Hona hemen lasterketen ordutegia:

  • 10:00. Eskolaurreko neska-mutilak. Gurutzetik plazara joango dira (150 metro).
  • 10:05. 2014-2015 urteetako neska-mutilak. A bira egingo dute (300 metro).
  • 10:15. Benjamin neska-mutilak, 2012-2013 urteetan jaiotakoak. B bira egingo dute (600 metro).  
  • 10:30. Kimu neska-mutilak, 2010-2011 urteetan jaiotakoak. B2 bira egingo dute (1.350 metro).
  • 10:45. Infantil neska-mutilak, 2008-2009 urteetan jaiotakoak. Neskek A1-B2 ibilbidea egingo dute (1.800 metro), eta mutilek B3 ibbilbidea (2.250 metro).
  • 11:30.
    -2007. urtean eta lehenago jaiotakoak. Bira bat egingo diote ibilbideari. (2.770 metro).
    -2006. urtean lehenago jaiotakoak. Hiru bira egingo dizkiote ibilbideari. (8.630 metro).

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide