Trenekiko afizioak batu zituen Jose Juan Etxeberriaren (Iraeta, Zestoa, 1964) eta Patxi Goenagaren (Bartzelona, 1955) ibilbideak. Bost ontzako trenen bueltako Iraetako Trena elkartea sortu zuten hainbat lagunek 2015ean, eta, orduz geroztik, hainbat eta hainbat larunbat arratsalde igaro dituzte elkarrekin, Iraetan muntatua duten tren txikien zirkuituan.
COVID-19aren pandemia tarteko, bi urteko etena izan du trenen denboraldiak, baina "gogoz" hartu dute berriro hain gustuko duten egitekoa, eta joan den larunbatean ekin zioten aurtengo sasoiari; dozena bat lagunetik gora izan ziren Iraetako futbol zelaiaren ondoan dagoen zabalguneko trenen zirkuituan.
Bost hazbetekoak dira bidaiariak garraiatzeko gaitasuna duten trenik txikienak, eta, Goenagaren arabera, "erabilerrazenak" ere horiek dira. "Makinak beste zirkuitu batzuetara eramateko modukoak dira. Valentzian [Herrialde Katalanak] izan naiz oraintsu, eta lurrunezko tren bat eraman nuen hara; hura gidatzen ibili nintzen han".
Horrez gain, baimenik gabe gida daitezkeen tren bakarrak ere horiexek dira. "Berdin dio 150 tonako trena den edo ehun kilokoa den, gidatzeko modua antzekoa da. Kontrola aldatzen da. Dena den, aldea dago tren elektrikoen eta lurrunezkoen artean; lurrunezkoak gidatzeko, ikatza eta ura kontrolatu behar dira, eta konplikatu samarra da". Goenagari, ordea, horiek gustatzen zaizkio gehien. "Trenak gustatzen zaizkion pertsona asko ezagutzen ditut, baina lurrunezkoak gidatzen ez dira ausartzen; izan ere, oso konplikatua da".
Euskal Herriko aurrena
Iraetako tren txikien zirkuitua 2015ean muntatu zuten lauzpabost lagunek. Proiektua kokatuta dagoen lurra Zestoako Udalarena da, eta zirkuituaz Iraetako Trena elkartea arduratzen da. Etxeberriak gogoratu duenez, duela zazpi urte "auzolanean" egin zuten muntaketa prozesua: "Udalak 2013an-edo erosi zituen errailak, Castejonen [Nafarroa], eta hilabete askoan biltegi batean eduki zituen gordeta. Herritar batzuk hasi ziren gaiarekiko interesa agertzen, eta udalak erabaki zuen proiektua aztertzea. Errioxara [Espainia] joan ginen, hango zirkuitu txiki bat ikustera, eta halako bat gurean jar zitekeela pentsatu genuen".
Prozesu guztia "poliki-poliki" egin zutela adierazi du Etxeberriak. "Lehenengo, zirkuitu txiki bat eratu genuen, eta handik gutxira, luzeago bat. Gainera, tuneltxo bat eraiki genuen haurren gozamenerako, eta trenarekin lotura duten hainbat pieza ere ekarri genituen". Zirkuituaren inguruari dagokionez, Goenagak zehaztu du bi edukiontzi dituztela piezak-eta gordetzeko. "Gainera, Zestoako sarreran zegoen trenarentzako hesia, hainbat seinale, piezak, Zestoako bainuetxearen sarreran zegoen diskoa, Durangoko geltoki zaharreko aulkiak… berreskuratu genituen, eta gaur egun hemen daude, zirkuituaren bueltan. Dena aprobetxatu dugu".
Jarraitu erreportajea irakurtzen Gipuzkoako Hitzaren webgunean.