Bueltan dira bisita gidatuak Zestoako Lili jauregira. Hain zuzen, Martxoaren 8aren bueltan irekiko dituzte jauregiko ateak bisitarientzat. Izan ere, Lili jauregia Kultur Ondareari Begirada Berriak gogoeta jardunaldietako geltoki izango da bihar. Hain zuzen, jardunaldietan parte hartuko duten kideentzat ate irekiak egingo dituzte bihar, eta bertan izango da Carlos Olaetxea Gipuzkoako Foru Aldundiko museoen eta Gordailuaren zuzendaria. Herritarrentzat eta bisitarientzat, aldiz, asteburuan irekiko dituzte jauregiko ateak.
Larunbatez eta igandez eskainiko dituzte bisita gidatuak. Larunbatean, 16:30ean hasita gaztelerazko bisita antzeztua eskainiko dute, eta 17:30ean euskarazkoa. Igandean, 11:30ean egingo dute gaztelerazko saioa eta 12:30ean euskarazkoa. Dagoeneko erreserba daitezke sarrerak.