Iraetako tren txikiak martxan jarriko dituzte berriro

Mailo Oiarzabal 2022ko mar. 2a, 10:10

Larunbat honetan hasiko da denboraldia. Trenbide parkea kudeatzen duen elkarteak urri amaiera bitarteko egutegia prestatu du. Datozen hilabeteetan, hilero bizpahiru larunbatetan ibiliko dira bost hazbeteko trenak Iraetan, eta ekainaren 25ean egingo dute miniaturazko trenen topaketa.

COVID-19aren pandemiaren testuinguruan, 2020a eta 2021a geldirik eman dute Iraetako tren trikiek, baina 2022an martxan izango dira berriro. Aste honetan jakinarazi du Iraetako 5 hazbeteko Trenen Elkarteak larunbat honetan jarriko dituztela berriro martxan trenak, eta denboraldi osorako egutegiaren berri ere eman du.

Urri bukaera bitartean, hilero bizpahiru larunbatetan irekiko ditu ateak Iraetako trenbide parkeak, hemezortzi egunetan guztira, 17:00etatik 19:00etara. Azken aldiz 2019an egin zuten tren txikien topaketa aurten noiz izango den ere aurreratu dute: ekainaren 25ean jarri dute hitzordua.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide