Zestoako Udalak Ukrainako gerra dela-eta adierazpena kaleratu du, Ukrainako herritarrei elkartasuna helaraziz, bere laguntza emateko prestutasuna azalduz eta gerraren kontra eginez. "Gerra albisteak beti dira kezkagarriak, baina gerra hotsak zenbat eta gertuago izan, orduan eta zirrara handiagoa eragiten digute", azaldu du.
"Herritar askoren eskuzabaltasunari esker" Zestoa harrera herria izan dela gogorarazi du udalak, eta beste hainbat herrialdetan eman diren larrialdi ezberdinen ondorioz, Zestoak jatorri ezberdinetako pertsona ugari artatu izan dituela. Modu horretan, ukrainar jatorrikoak ere herrian izan direla eta badirela adierazi du erakundeak: "Chernobilen gertatu zen sarraski nuklearrak nerabeen osasunean eragiten dituen kalteak leuntzeko helburuz, ukrainar jatorriko gaztetxo bat baino gehiago bizi izan da gure artean; bertako herritar izatera ere heldu zaizkigu, gure hizkuntza eta ohiturak haienak eginaz".
Gaur egun, ukrainar batzuk Zestoan jarraitzen dute bizitzen, baina beste batzuk Ukrainan harrapatu ditu gerrak. "Beti bezala, gerra egitea gutxi batzuk bulegoetan erabaki ohi duten arren, askogatik herritar xeheak jasaten ditu ondoriorik latzenak", adierazi du udalak. Horregatik, "herritar guztien izenean", Zestoako Udalak ukrainar jatorriko herritar guztiei "bere elkartasunik beroena" adierazi die, eta, "inor baztertu gabe", Makxin Grasmanek bizi duen egoera aipatu du bereziki: "Izan ere, ia atzora arte gure artean bizi izan dugu Grasman, eta jatorriz ukrainarra izanagatik, zestoarra ere badelako. Zestoako bere senide eta lagun guztiei ere gure elkartasunik beroena eman nahi genieke".
Egun hauetan, herritarrek batera edota bestera egindako elkartasun keinuak ere eskertu ditu udalak, eta bere laguntza emateko prestutasuna agertu du.
Zestoako Udalaren arabera, "ez dago inongo arrazoirik, ez geopolitikorik ez bestelakorik, gerra bezalako gauza anker bat justifika dezakeenik".