Urolako trenbide zaharraren Iraeta-Narrondo tartea bidegorri bihurtzeko lankidetza adostu dutela iragarri zuten atzo Eusko Jaurlaritzak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak, eta Urolako bidegorria bukatzeko falta den zatia egiteko korapiloa askatzeko bidean dela jakinda, bere "poza" adierazi du ohar bidez Zestoako Udalak.
Iraeta eta Narrondo lotuko ditu Urolako bidegorria osatzeko falta den lau kilometroko zatiak, eta zati hori "bere osotasunean Zestoako lurretan" dago, udalak gogoratu duenez. 2020an hastekoa zen Aldundia zati horren lanak egiten. COVID-19aren krisia zela-eta, ordea, 2021era atzeratu zuten lanen hasiera data, baina atzerapenak pilatzen jarraitu du proiektuak. Zestoako Udalak, aldiz, bidegorriaren lanetan zegokion partea 2020an bertan bukatu zuen: 2019ko urrian Arroabeko lotura udalaren esku uztea eta gainontzekoa aldundiak egitea hitzartu zuten bi erakundeek. "2020an Zestoako Udalak Arroabeko lotura eta 631 errepidearen semaforizazioa egin zituen arren, Narrondo eta Arroabea arteko zatia egiteko Eusko Jaurlaritzak Gipuzkoako Foru Aldundiari trenbidearen zesioa ematerako orduan sortutako arazoen ondorioz, aipatu zatia egiteko obrak gaur arte blokeatuta egon" direla azaldu du udalak.
Euskal Trenbide Sarearekin (ETS) zein Aldundiarekin abenduan egindako bileretan "arazoa gainditzear zegoela jakinarazi" zitzaion udalari, eta Jaurlaritzak eta Aldundiak atzo plazaratutako akordioarekin gustura daude Zestoako Udalean. Akordio horren arabera, Aldundiak egingo ditu Narrondo eta Arroabea arteko zatiaren lanak, eta Jaurlaritzak birgaituko du trenbide zaharraren ibilbidea Arroabea eta Iraeta lortuko dituen zatian. "Bereziki berri ontzat" hartu du udalak bi erakundeen akordioan "Arroako tunel luzea irekitzearen aldeko erabakia" hartu izana, Aldundiak bidegorriaren trazatuaren hasierako proiektuan "tunela ez irekitzea lehenetsi " zuelako.
"Bi erakunde nagusien arteko talka desblokeatzeak bidegorria behingoz amaitzeko balioko duela espero" du udalak, "Zestoarentzat eta Urola osoarentzat beharrezkoa den azpiegitura bat delako eta Zestoako Udalak egin beharreko zatia 2020an amaitu zuelako".