Sendabelarretan aditua

Aiora Urbieta: "Inguruko baliabideak ikusi egin behar ditugu"

Julene Frantzesena 2022ko ots. 25a, 09:17

Aiora Urbietak (Zestoa, 1990) urteak daramatza sendabelarrei lotuta, bizitzeko filosofia bilakatzeraino. Amalda biobotanika proiektua sortu du, ondare naturala eta kultur jakintza babesteko.

Urkomeren ekintzailetza saria jaso zenuen abenduan, Amalda biobotanika proiektua tarteko. Zertan datza proiektua?
Bertako sendabelar ekologikoen ekoizpenaren aldeko apustua egin dugu, gero horiek sukaldaritzan, fitoterapian edo kosmetiko naturaletan erabiltzeko. Sendabelarren ekoizpen ekologikoa egin, horiek lehortu eta saldu egingo ditugu, poltsatxoetan.

Nondik sortu zitzaizun proiektua martxan jartzeko ideia?
Beti izan dut sendabelarrekin lotura. 16 bat urterekin egin nuen horiei buruzko lehen ikastaroa, orduan piztu zitzaidan horiekiko interesa, eta ordutik nire bizitzaren parte dira. Azken urte hauek, adibidez, sendabelarrei erabat lotuta igaro ditut: kosmetikari edo ukenduei buruzko ikastaroak egin ditut. Ikusten nuen Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan hutsune handia zegoela, ez zegoela bertako sendabelarren ekoizlerik, eta bikotekidearen laguntzarekin proiektua martxan jartzea erabaki nuen. Egia esan, denbora dezente generaman halako proiektu bat abiatzeari bueltaka.

Zer fasetan da proiektua?
Egia esan, ideia guztia mahai gainean jarrita daukagu, baina gauzatzea falta zaigu. Asko ari zaigu kostatzen ekoizpenarekin hasteko beharrezkoa dugun lur saila aurkitzea, eta pixka bat frustragarria da; izan ere, lursailik gabe ezin da ekoiztu. Uneotan, horretan gabiltza buru-belarri, lehenbailehen jarri nahi baitugu proiektua martxan.

Sendabelar eta landare aromatikoen ekoizpena da oinarria. Nolakoa izan da ikasketa prozesua?
Modu desberdinetan hasi nintzen horiek ekoizten; etxean eta baratzean. Baratze ekologikoari duela hamar urte ekin nion, eta ordutik, sendabelarrak nire baratzeko parte izan dira. Neure kasa, batean eta bestean informazioa bilatuta asko ikasi dut, eta liburuak eta ikastaroak ere baliatu ditut, hala nola sendabelarrei nahiz xaboigintzari buruzkoak. Bestalde, naturopatiari eta herboristeriari buruzko masterrak ere egin ditut, eta orain, kosmetiko naturalei buruzkoa ari naiz gauzatzen. Dena den, Euskal Herrian ez dago sendabelarren ekoizpenari lotutako ikasketa askorik, eta oro har, informazio nahikorik ere ez. Ondorioz, asko ikasi nuen Frantzian bizitzen egon ginen urteetan: han landa eremuarekin lotura estua dute, lurretik jende asko bizi da, eta aromatika ekoizpen handiak daude, baita sendabelarrenak ere. Probatuz eta gauza askotan huts eginez ikasi dut gehien.

Zer-nolako balorazioa egiten duzu orain arteko bideaz?
Izugarrizko poza izan da landa eremuko emakume ekintzailearen Urkome saria jaso izana, egindako lanari egindako aitortza delako. Denbora asko daramagu proiektua gauzatu nahian, eta halako sari batek jarraitzeko indarra ematen du.

Ondare naturala eta kultur jakintza babestea da Amaldaren xedeetako bat. Zergatik?
Ondare naturala babestea nahi dugu, azken urteetan fitoterapia eta terapia naturalekin moda moduko zerbait sortu delako, eta jendeak baduelako horiekiko interesa. Ondarea babestea interesgarria eta garrantzitsua da, beharrezkoa delako zerk inguratzen gaituen eta inguruan zer erremedio bila ditzakegun jakitea. Izan ere, etxean inguruko landareekin gauza asko konpon ditzakegu. Dena den, ondare naturalen erabilerak bere arriskuak ere baditu, eta horietako bat da erreprodukzio naturala haustea. Adibidez, landareak noiz jaso behar diren ez baldin badakigu, litekeena da horiei ondo garatzen ez uztea, eta beraz, hurrengo urtean landare gutxiago aterako dira leku horretan. Horrez gain, hamar landare topatu eta hamarrak modu txarrean hartzen baldin baditugu, ez diegu berriz han ateratzeko aukerarik ematen. Horregatik, gakoa da erdiak baino gutxiago hartzea. Guk nahi duguna da bertako sendabelarrak kontsumitu nahi dituztenei irtenbide ekologikoa ematea; hau da, jendeari sendabelarrak bildu gabe kontsumitzeko aukera ematea. Bestalde, kultur jakintza ere sustatu nahi dugu, bisiten eta ikastaroen bidez. Herritarrei landare bakoitzaren propietateak azaltzea nahi genuke, zertarako erabiltzen diren jakinaraztea… Ez da ezer berria, arbasoek utzi diguten kultur jakintza zabaltzen jarraitzea baizik.

Etxeko burujabetzari lotutako ikastaroak ere eskaintzen dituzu. Zer helbururekin?
Etxeko burujabetzaren zati handi bat baratzeari lotuta dago, eta beste zati handi bat garbikariei. Garbitzeko produktuak, normalean, erosi egiten ditugu, eta gogorrak izan ohi dira, batez ere naturari begira; produktu asko gogorrak eta toxikoak izan ohi dira. Gainera, dilistak prestatzea baino lantegi handiagoa ez du ematen garbikari bat egiteak, eta ekonomikoagoa ere bada etxean egitea. Horrek, gainera, berarekin dakar zaborra gutxitzea. Bestalde, sendagaiak ere izan ohi ditugu etxean, eta saiatzen naiz herritarrei erremedio naturalak, jarabeak zein ukenduak modu errazean eta ekonomikoan egiten irakasten. Etxeko despentsa ondo betetzea da xedea; izan ere, gaixoaldi arinak gure kasa senda ditzakegu, farmazeutiketara jo gabe.

Lehengo jakintza berreskuratzeko nahia sumatzen al duzu herritarren artean?
Bai, badago horretarako gogoa. Faltan sumatzen dut, ordea, gure gizartearen islada bat besterik ez den gauza bat: gizonen presentzia. Emakumeak dabiltza buru-belarri zaintzaren bueltako gaietan. Eskaini ditudan azken hamar ikastaroetara bi gizon baino ez dira etorri. Datu kuriosoa da; zaintzaren arlo guztia emakumeengan uzten jarraitzen dugu oraindik ere.

Zer eskaini dizute sendabelarrek?
Bizitza filosofia bat eta bizitza ikusteko beste begirada bat. Sendabelarrekin lanean hastean konturatu nintzen naturak gure bizitzetan duen presentzia zenbaterainokoa den. Landareak identifikatzen hastean, beste unibertso paralelo batean galdu nintzen, eta horrek lagundu dit naturarekin konektatzen eta naturarekin egoten. Baratzearekin jabetu nintzen inguruan nuen guztiaz, eta gogoeta asko sortu zitzaizkidan. Garbi ikusi dut zer bizimodu egin nahi dudan, zerk gaixotzen gaituen, zerk sendatzen, eta era berean, burujabetzarako dugun ahalmena zenbaterainokoa den ere ikusi dut. Hiri bateko zirkuluan sartuta zaudenean, erabat menpeko bilakatzen zara, eta naturara itzultzean burujabetza ahalmena indartu egiten da. Askotan gaitzek menpeko bihurtzen gaituzte, eta askotan profesionalengana jo behar da, baina gauza askotarako ahalmena daukagu, eta horietako asko beste batzuen esku uzten ditugu. Inguruko ahalmenak eta baliabideak ikusi egin behar ditugu.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide