Correosek egoitza berrian emango du zerbitzua bihartik aurrera Zestoan. Udalak duela hilabete aurreratu zuen anbulatorio zaharra kokatzen zen lekura aldatuko zutela Correosen bulegoa, Euskal Herria kaleko lehen zenbakira, eta gaur jakinarazi du erakundeak bihar, ostirala, hasiko direla posta zerbitzua bulego berrian ematen. Bi sarbide izango ditu Correosen egoitza berriak: Euskal Herria 1eko eskailerak igota, Gaztelekuko sarreran, izango du ate nagusia; baina eskailerak saihestu nahi izanez gero, Zurbano kantoiko igogailua erabil ahal izango dute bezeroek.
Gesalaga kaleko 4. zenbakiaren beheko solairuan egon da gaur arte Correosen bulegoa Zestoan. Udalarena da eraikin hori eta eraitsi egingo dute, ikuskaritza teknikoa ez duelako gainditu. Orube horretan gizarte azpiegiturak eraikitzeko asmoa azaldu du udalak.