Hamazazpigarrenez aidanez izeneko liburua aurkeztu zuten atzo, osteguna, Zestoako Alonderoko udal aretoan. Udalbiltzaren Geuretik Sortuak kultur proiektuaren barruan egin zuten aurkezpena. Iaz abiatu zuen Udalbiltzak euskara hutsean egindako artearen nahiz kulturaren sormena, ekoizpena eta hedapena sustatzeko zirkuitu nazionala, eta orduz geroztik elkartearen partaide diren Euskal Herriko hainbat udalek parte hartu dute proiektuan, tartean Zestoak.
Idazleen, zinemagileen edota antzerkigileen egonaldiak sustatu ditu Udalbiltzak lekuan lekuko udalekin, kultur arloko 26 lan egin ahal izateko. Guztira, hamasei ipuin eta bosna antzezlan nahiz film sortu dituzte. Hain zuzen ere, Danel Lauzirika idazle gernikarrak Zestoari buruzko fikziozko lan labur bat idatzi du, eta Hamazazpigarrenean aidanez izeneko liburu bikoitzean jaso du Udalbiltzak hark Zestoari egindako ekarpena.
Lide Hernando Udalbiltzako kultur teknikariaren arabera, Udalbiltzak 2019an egindako hausnarketa baten ondorioa da Geuretik Sortuak proiektua. "Euskara hutsean egindako kultura ugaria den arren, sortzen diren lan asko ur azpian gelditzen dira, espainiar eta frantziar kulturak oso potenteak direlako eta horiei baliabide asko ematen zaizkielako. Horren ondorioz, itota gelditzen da euskal kultura, baita horien atzean dagoen kultur sormen heterogeneoa eta askotarikoa ere". Horrela, euskal kultura aldarrikatzeko erantzukizuna sentitu zuen Udalbiltzak.
Bestetik, ordea, "esperimentu artistiko bat" egiteko nahia zuen erakundeak. "Euskal Herrian atzera jotzen da historia artistikoa edo emozionala kontatzeko; ez da asko egin gaurkotasunetik, eta ahalegin kolektibo bat egin nahi genuen. Horregatik, interesgarria iruditu zitzaigun Euskal Herriaren gaur egungo historia Euskal Herriko herrietatik kontatzea". Egitasmoaren literatur arloko lehen fruitua da Hamazazpigarrenean aidanez liburua, eta hamasei lan biltzen ditu. "Hamasei herri ardatzean izateaz gain, askotariko lanak aurkitu daitezke bertan, besteak beste, narrazio lanak, poesia lanak, ilustrazio lanak eta komiki bat".
Danel Lauzirika idazlea, liburua aurkezten.
Nerea Odriozola Zestoako Udaleko Kultura zinegotzia, bestalde, "oso pozik" agertu zen proiektuan parte hartzeagatik eta horri ekarpenak egin ahal izateagatik. "Oso garrantzitsua da euskara hutsean artea zein kultura sortzea, ekoiztea eta zabaltzea. Zestoarrok irakurri orduko identifikatuko ditugu gure inguruko kontuak", azaldu zuen hark.
Herriarekin lotura duen narrazioa da Lauzirikarena, herriaren izaera islatzen baitu nolabait; izan ere, gernikarra Zestoan izan zen azken udan, eleberria ontzeko asmoz. Egonaldia bi zatitan banatu zuen hark: astebete egin zuen ekainean, eta bi aste uztailean. Idazleak "bi errealitate desberdin" ikusi zituen horrela, eta trama osatzeko modua aurkitu zuen: "Bilbon bizi den pertsona bat Zestoara etorriko da, gaztetan asko gustatzen zitzaion bertsolari batek ahotsa galdu duelako. Protagonistak erreferentea du pertsonaia hori, baina hainbat urtetan hari buruz ezer entzun gabe egon ondoren, Zestoara joan beharra eta kontua argitu beharra sentituko du", azaldu zuen Lauzirikak. Trama horren bueltan, gernikarrak eleberrian bildu ditu, besteak beste, Zestoako herritarrak, herriko erlojuak, bainuetxea, hotelak, auzoak, musika taldeak eta trenbideko tunelak. Zestoako herrigunearen zein herriko auzoen artean dauden "kontrasteak" eta zestoarrek dituzten "obsesio txikiak" ere jaso ditu Gernikako (Bizkaia) idazleak.
Idazleak aitortu zuen, liburua idatzi aurretik "oso gutxi" zekiela Zestoaz. "Bainuetxea eta gauza gutxi gehiago ezagutzen nituen. Esan behar dut lehenago urrun ikusten nuela Zestoa". Mikel Arregi Ertxin alkatearekin, Nerea Odriozola Kultur zinegotziarekin eta Fernando Arzalluz udaleko kultur teknikariarekin egindako bilera batean hartu zuen Lauzirikak Zestoarekiko "kontzientzia". "Beldurtu egin nintzen herriak zer dimentsio zituen kontatu zidatenean. 'Nola harrapatuko dut guztia?' galdetu nion nire buruari". Hain zuzen ere, dokumentazio lana izan zen idazlearen lehen erronketako bat, eta adierazi zuen Arzallus teknikariak Zestoako Danbolin aldizkarian duen Aztarkak atalean argitaratutako ekarpenak "oso baliagarriak" egin zitzaizkiola. "Oso ondo etorri zaizkit, historikoki kokatzen lagundu didate ekarpenek".
Lauzirikak ez zion definizio zehatzik eman bere lanari. "Ez dakit zer den, eleberri bat edo narrazio luze bat. Zestoak harrapatu egin ninduen, zentzua ikusten bainion guztiari. Lagunek eta editoreak gauza batzuk kentzeko esaten zidaten, baina kostatu egin zitzaidan". Era berean, nabarmendu zuen liburua idazteko prozesua "intentsoa" izan dela. "Zestoan ohar ugari hartu nituen, eta horiekin guztiekin Bilbora itzuli nintzen, han idazten hasteko. Hilabete eta erdian jardun nuen idazten guztia emanda. Saiatu naiz, gainera, umore ukitua ematen liburuari". Irakurleek igarriko duten jakin gabe, Lauzirikak "asko gozatu" du Zestoaz, eta hein handi batean, zestoarren kontuak idazten.