Zestoako Herri Krosa egingo dute martxoaren 20an

Ihintza Elustondo 2022ko otsailaren 16a

Bi urteko etenaldiaren ostean berreskuratuko dute lasterketa. Haurren probak 10:00etan hasiko dira, eta 11:30ean helduenak. Laster zabalduko dute izen ematea, 'herrikrosa.eus' helbidean.

Izurriak eraginda, azken bi urteotan ez dute egin Zestoako Herri Krosa. Dena dela, egungo egoerak ahalbidetzen duela eta, berreskuratu egingo dute ekintza aurtengoan. Zestoako Atletismo Taldeak eta Zestoako Udalak elkarlanean antolatzen dute kirol proba, eta 42. aldiz egingo dute aurten. Dagoeneko zehaztu dute data: hain zuzen ere, martxoaren 20an, igandez, jokatuko da proba.

Betiko moduan, haurrei nahiz helduei zuzendutako lasterketak antolatu dituzte. 10:00etan hasiko dira umeen probak, eta mailaka bereizita egingo dituzte. Helduen lasterketa, berriz, 11:30ean hasiko da. Helduek bi ibilbide izango dituzte aukeran: motza, 2.770 metrokoa, eta luzea, 8.630 metrokoa. Bi lasterketak ordu berean hasiko dira.

Hainbat sari banatuko dituzte haurren nahiz helduen artean, eta lasterketak amaitzean, hamaiketakoa izango da korrikalari guztientzat. Helduen proban parte hartu nahi dutenek laster eman ahal izango dute izena, herrikrosa.eus helbidean, bost euro ordainduta. Beste aukera bat ere izango da: lasterketa egunean ere eman ahal izango da izena, hamar euro ordainduta. Dortsalak, berriz, lasterketa egunean jaso beharko dira udaletxe azpian. Gaztetxoek, bestalde, ikastetxean jasoko dituzte txartelak. Hala ere, lasterketa egunean izena eman eta txarteltxoa jaso ahal izango dute. 

Hona hemen lasterketen ordutegia:

  • 10:00. Eskolaurreko neska-mutilak. Gurutzetik plazara joango dira (150 metro).
  • 10:05. 2014-2015 urteetako neska-mutilak. A bira egingo dute (300 metro).
  • 10:15. Benjamin neska-mutilak, 2012-2013 urteetan jaiotakoak. B bira egingo dute (600 metro).  
  • 10:30. Kimu neska-mutilak, 2010-2011 urteetan jaiotakoak. B2 bira egingo dute (1.350 metro).
  • 10:45. Infantil neska-mutilak, 2008-2009 urteetan jaiotakoak. Neskek A1-B2 ibilbidea egingo dute (1.800 metro), eta mutilek B3 ibbilbidea (2.250 metro).
  • 11:30.
    -2007. urtean eta lehenago jaiotakoak. Bira bat egingo diote ibilbideari. (2.770 metro).
    -2006. urtean lehenago jaiotakoak. Hiru bira egingo dizkiote ibilbideari. (8.630 metro).
Duela bi urte jokatu zuten azkenekoz Zestoako Herri Krosa, eta orduko hartan, Aitor Mimenzak eta Maider Kortak irabazi zuten helduen lasterketa luzea.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide