Banketxeek "adinekoen eskubideak errespetatzea" eskatu dute dozenaka lagunek Zestoan

Mailo Oiarzabal 2022ko otsailaren 14a

Elkarretaratzea egin dute Kutxabanken bulegoaren aurrean, herrian zabalik mantentzen den bakarra. Zestoako Pentsiodunen Plataformakoek beren eskaerak babesteko egin duten sinadura bilketaren azken hitzordua ere izan da gaurkoa: 140 sinadura lortu dituzte eta gustura agertu dira erantzunarekin.

50 bat lagun, gehien-gehienak jubilatuak eta pentsiodunak, elkartu dira gaur eguerdian Kutxabanken Zestoako bulegoaren atarian, banketxeek "adinekoen eskubideak errespetatzea" eskatzeko. Zestoako Pentsiodunen Plataformak deitu du elkarretaratzea, eta Pentsioak, osasuna, zaintza... Bizitza duina denontzat leloa zuen pankarta zabaldu dute elkartutakoek.

Banketxeek herritar guztiei, baina bereziki teknologia berriekin zailtasun gehiago izan ditzaketeen adinekoei arreta pertsonalizatuagoa eta ordutegi zabalagoak eskaintzea aldarrikatzen duten "bizitza duin" hori bermatzeko zerbitzu garrantzitsua dela ulertzen dute Zestoako pentsiodunek. Banketxeek aurrez aurreko arreta eta zerbitzu pentsonalizatua murrizten joan dira eta murrizten jarraitzen dute, eta horrek eragindako arazoak kezkatuta mobilizatu dira pentsiodunak Zestoan, beste hainbat tokitan egiten hasi diren bideari eutsita.

Kutxabankena da, hain zuzen ere, gaur egun Zestoan irekita mantentzen den banketxe bulego bakarra, baina "aspaldi" mugatu zuten bulego horretan ere zerbitzua: astean hiru egunetan besterik ez ditu irekitzen ateak, eta 11:00ak arte bakarrik. "Pixka bat beraunduago iristen bazara, jada ez daukazu zerbitzurik", azaldu kexa pentsiodunen plataformako kide batek, ordutegi murriztuaren oztopoa herrigunetik kanpo bizi diren herritarrentzat are handiago dela nabarmenduta. "Herriraino etorri, presazko gestio bat egin beharra duzulako, eta ezin".

Gero eta gehiago dira banketxeekin harremanak zaildu zaizkiela-eta plataformakoei "laguntza eske" joaten zaizkien herritarrak. "Pentsiodunek erabat kobratzen dute beren pentsioa Kutxabanken dituzten kontuetan, eta bereziki jende horrentzako beste zerbitzu bat, beste arreta bat eskaintzea da eskatzen duguna".

Sinadura bilketa

Zestoako Pentsiodunen Plataformakoek beren eskaerak babesteko azken egunetan herrian egin duten sinadura bilketaren azken hitzordua ere izan da gaurko elkarretaratzea. Sinadurak biltzeko mahaia jarri dute, eta ez dira gutxi izan bertan sinatu dutenak.

Guztira, 140 sinadura lortu dituzte eta gustura agertu dira erantzunarekin, Zestoarako "marka oso ona" dela iritzita. Kutxabanken entregatu dituzte sinadurak, eta "ea zer erantzun ematen duten" ikusteko zain geldituko dira orain.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide