Eskuz binakako txapelketatik kanpo gelditu dira Eneritz Arrieta eta Naroa Agirre

Mailo Oiarzabal 2022ko otsailaren 14a

Azkoitiarrak eta arroarrak 22 eta 15 galdu zuten atzo Iruñeko Labriten Etxekolonearen eta Mujikaren kontra jokatu zuten final laurdenetako partida. Otsailaren 27an Azkoitian jokatuko diren finaletarako sarrerak salgai jarri dituzte dagoeneko Interneten.

Oihana Orbegozo azpeitiarra sailkapen ligaxka gainditu ezinik geratu ondoren, eskualdeko ordezkaririk gabe gelditu da Emakumezkoen Eusko Label Binakako Pilota Txapelketa asteburu honetan. Atzo jokatu zituzten final laurdenak Iruñeko Labrit pilotalekuan, eta Eneritz Arrieta azkoitiarrak eta Naroa Agirre arroarrak osatutako bikoteak 22 eta 15 galdu zuen Etxekolonearen eta Mujikaren kontra.

Oreka handiko partida izan zen maila nagusiko lehen final laurdena. Etxekolonea eta Mujika hobeto hasi ziren, baina urolatarrak maila hobetzen joan ziren berotu ahala, eta Arrietak tanto sorta ederra lortu zuen aurrean arriskatuz. 15 eta 18 gerturatu ziren azkoitiarra eta arroarra, baina hortik aurrera gorriek berreskuratu zuten jokoaren lema eta urdinek ezin izan zuten beste tantorik egin.

Azkoitiko finaletarako sarrerak, salgai

Azkoitiko Gurea pilotalekuan jokatuko dira, otsailaren 27an, Ados Pilota klubak antolatutako emakumeen lehen binakako txapelketa profesionalaren finalak, lehen mailakoa zein promozio mailakoa, alegia.

Hain zuzen ere, asteburu honetan jarri dituzte salgai bai Azkoitiko finaletarako, bai hilaren 19an Amurrion (Araba) jokatuko dituzten finalaurrekoetarako sarrerak, Interneten. Lotura honetan eskura daitezke txartelak.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide