Eguraldiak erruz lagundu du gaur, igandea, Kobaz Koba Trail probaren VI. edizioan, eta goizean goizetik hasita giro ederra nagusitu da Zestoako herrigunean zein korrikalariak igaro diren lekuetan. 621 kirolarik zuten izena emanda gaurko bi probetarako, 320 pertsonak Artzein —proba motza— eta 301ek Zaldein —proba luzea—, baina antolatzaileek adierazi dutenez, azkenean, 508 kirolarik parte hartu dute. Horietatik, 262k bukatu dute Artzei proba, eta 221ek Zaldei. Gaurko lau protagonistak Iñigo Arantzamendi, Leire Baraibar, Amets Aranberri eta Ainara Urrutia izan dira.
Zaldei probako partaideak izan dira goiztiarrenak, eta 09:00etan atera dira Zestoako plazatik, ondoren, 25 kilometroko ibilbidea egiteko. Laster heldu dira horiek Akoara, eta handik, Aizarnara eta Santa Engrazira joan dira ondoren. Artzei probako parte-hartzaileak, berriz, 09:45ean atera dira, eta leku beretik igaro dira hasieran, nahiz eta horren ostean ibilbide desberdina egin duten bi probetako kirolariek. Zaldeiko korrikalariak herrigunetik pasatzen ari zirenean heldu dira Artzeiko lehen korrikalariak helmugara, eta etxean gelditu da proba horretako lehen saria; izan ere, Amets Aranberri zestoarra izan da hamabost kilometroko ibilbidea amaitzen lehena. 01:10:04 izan da haren denbora, eta gertu ibili da Ibon Erdozain bigarren sailkatua, hemezortzi segundo beranduago amaitu baitu proba hark. Nesketan, berriz, Ainara Urrutia izan da azkarrena, eta ordubete eta hemeretzi minututan amaitu du hark proba. Bigarren, berriz, Aitziber Urkiolak egin du, eta proba bukatzeko ordubete eta 27 minutu behar izan ditu.
Handik apur batera heldu dira helmugara Zaldei probako korrikalaririk lasterrenak, eta Iñigo Arantzamendi ondarroarra izan da proba hori azkarren amaitu duen kirolaria. 02:14:31 izan da haren denbora, eta bigarren sailkatuari bi minutuko aldea atera dio, Pello Berrizbeitiak 02:16:26 denbora egin baitu. Proba horretako hirugarren sailkatua, berriz, Unai Zialtzeta azpeitiarra izan da —02:19:39—, eta lehen zestoarra Sathya Paz —02:28:31—. Nesketan, berriz, Leire Baraibar zumaiarra izan da lehen sailkatua, eta bi ordu eta 42 minututan amaitu du proba; bigarren, berriz, Sara Peña, eta 02:49:37 denbora egin du hark.
Agiro mendizale taldeak eta Arazik antolatutako proba da Kobaz Koba Traila, Zestoako Udalaren babesarekin, eta gaurkoa VI. edizioa izan da. Iaz ez zuten probarik antolatu osasun krisia zela eta.
Hona hemen bi probetako sailkapenak:
Mutiletan:
1. Amets Aranberri (Zestoa). 01:10:04.
2. Ibon Erdozain. 01:10:22.
3. Mikel Usandizaga. 01:11:58.
Nesketan:
1. Ainara Urrutia. 01:19:27.
2. Aitziber Urkiola. 01:27:05.
3. Larraitz Etxebeste. 01:27:30.
Lehen zestoarra: Ainhoa Canseco. 01:42:03
Mutiletan:
1. Iñigo Arantzamendi. 02:14:31.
2. Pello Berrizbeitia. 02:16:26.
3. Unai Zialtzeta (Azpeitia). 02:19:39.
Lehen zestoarra: Sathya Paz. 02:28:31
Nesketan:
1. Leire Baraibar (Zumaia). 02:42:48.
2. Sara Peña. 02:49:37.
3. Tanit Perez de Lezeta. 02:50:43.
Lehen zestoarra: Gurutze Lopetegi. 03:32:01