Ibilbide luzea du Zestoa Osasuntsu egitasmoak. Kirola eta osasuna uztartzeko asmoz, azken hamarkadan Zestoan askotariko ekintzak egin dituzte programaren barruan, baina joan zen irailaz geroztik, bestelako norabide bat hartu du egitasmoak; "berpiztu" egin dute. Egun, hilero elkartzen dira herritarrak osasunaren bueltako hitzaldiak jasotzeko eta herrian ibilaldiak egiteko. "Gure asmoa da kirola eta osasuna bateratzea, bazegoelako jendea etxetik apenas ateratzen zena edota soilik paseoak egiten zituena. Haratago joan nahi genuen, eta soinketa saioekin batera jarri genituen martxan gaur egun indarrean ditugun ekintzak", adierazi du Mikel Irure egitasmoaren gidariak.
Hain zuzen ere, azken urteetan "etxean geratu" diren adineko pertsonei edota ezintasuna dutenei laguntza ematea da irailetik martxan duten programaren helburua. Irurek azaldu duenez, Zestoako Gisasola eta San Juan adinekoen egoitzek, jubilatuen elkarteak, kiroldegiak eta udalak osatuta mahai bat eratu zuten, eta han pentsatu zuten adinekoekin hilabetero hitzaldiak eskaintzea eta ibilbideak egiten hastea, honako xede honekin: "Herritarrak etxetik ateratzea eta mugitzea". Hori hala, hileko aurreneko astearteetan hitzaldi saio bat eskaini ohi diete herritarrei, eta aste horretako ostegunean paseoa egiteko elkartzen dira.
Askotariko saioak
Erorikoak saihestea, giharrak lantzea, posturak zaintzea… Irailaz geroztik hainbat gai jorratu dituzte egitasmoan parte hartzen dutenek, eta joan zen astean egin zuten saioan indarra izan zuen taldeak hizpide. "Zahartzaroan giharrek indarra edukitzeak zer-nolako garrantzia eta eragina duen azaldu genuen saioan. Izan ere, adin batetik aurrera giharrak ahuldu egiten dira eta ez dute indarra berreskuratzen. Beraz, gai horri garrantzia eman nahi izan genion taldean. Era berean, etxean egiteko ariketa sinple batzuk banatu genizkien saiora etorri zirenei". Ondorengo saioren batean, berriz, atzerriko hainbat herrialdetako eta Euskal Herriko bizi ohiturak jorratzeko asmoa dutela azaldu du antolatzaileak: "Kultura bakoitzak zer dugun komunean eta bizi ohitura desberdinek osasunean zer eragin izan ditzaketen landuko dugu saioan. Bide horretatik, zer egitea komeni den azalduko dugu".
Ibilaldiei dagokienez, orain arte lau paseo motz egin dituzte, kiroldegi barruan zein aire librean. "Eguraldia hobetzen hasten den heinean, zerbait gehiago egiten saiatuko gara, baina beti ere kontuan hartuta bakoitzak duen ahalmena", gaineratu du saioen gidariak. Irureren esanetan, 40 bat lagun elkartu izan dira egin dituzten saioetan, eta antolatzaileak positibotzat jo du egitasmoak izan duen harrera: "Herritarrek oso gustura hartzen dituzte saioak. Gainera, ikusten dute geroz eta gehiago parte hartzen dutela, eta are gehiago animatzen dira". Gainera, pandemia garaiotan halako egitasmo bat martxan jartzea askorentzat "salbamendu moduko zerbait" izan dela gaineratu du Irurek: "Batez ere adineko pertsonek ohitura hartu dute etxean egoteko. Kuzkurtu egin gara, eta egitasmo honen bidez lortu dugu jendea etxetik ateratzea, biltzea eta elkar ikustea; horretan jarri nahi izan ditugu indarrak".
Oraingoz, ekainera arte luzatuko dute abian duten programa, eta hilero elkartzen jarraituko dute osasuna eta kirola ardatz izanda, ezagutza teorikoa eta praktikoa barneratzeko. Datorren ikasturtean, berriz, "beste buelta bat" emango diote egitasmoari: "Beti esan izan dugu gizartea zahartzen ari dela. Lehen, ordea, pertsona bat adindua zen 60 urterekin, eta orain, adin horrekin ez dira pertsona zaharrak. Hurrengo urratsa, beraz, bide horretatik egin genezake".