Euskal Herriko Itzulia eskualdetik igaroko da apirilaren 9an

Andoni Elduaien 2022ko otsailaren 10a

Apirilaren 4an, Hondarribiako erlojupekoarekin hasiko da Euskal Herriko Itzulia. Sei etapa osatu ondoren, Arrate gainean (Eibar, Gipuzkoa) bukatuko da lasterketa. Apirilaren 9an igaroko dira eskualdetik txirrindulariak, hain zuzen ere, Zestoatik eta Azkoititik.

Euskal Herriko Itzuliak Urola Kosta eskualdeko lurrak zapalduko ditu aurten ere. Atzo, asteazkena, Hondarribian (Gipuzkoa) egin zuten lasterketaren aurkezpena, han izango baitu abiapuntua. Txirrindularien proba apirilaren 4an hasiko da, eta, sei etapa osatu ondoren, Arrateko gainean (Eibar, Gipuzkoa) amaituko da, apirilaren 9an. 900 kilometro inguruko ibilbidea osatu dute antolatzaileek.

Apirilaren 9an, larunbata, igaroko da tropela eskualdetik. Aurtengo Itzuliako etapa laburrena izango da egun horretakoa, baina, era berean, lasterketako etapa nagusia izendatu dute. 135,7 kilometro osatu beharko dituzte txirrindulariek Euskal Herriko Itzuliaren seigarren eta azken etapan, eta 42 kilometro baino gehiago egingo dituzte eskualdeko lurretan. Zestoan eta Azkoitian zehar ibiliko dira txirrindulariak. Itziartik sartuko da Itzulia Arroabera, eta handik Iraetarako bidea hartuko dute txirrindulariek. Iraeta igaro ondoren, Zestoara sartuko da lasterketa, eta handik Endoiako mendatea (2. mailakoa) igoko dute; eguneko bigarren mendatea izango da Endoia.

Kilometro gutxira izango dute hurrengo mendatea; izan ere, Azurkiko gaina (1. mailakoa) egin beharko dute txirrindulariek hamar kilometrora. Hain zuzen ere, Azurkiko mendatetik sartuko da lasterketa Azkoitira, eta Madariagatik zehar Azkarate gainera jaitsiko dira. Ondoren, Azkarateko mendatea Azkoitia aldera jaitsiko dute txirrindulariek. Baztarrikaldeko biribilgunera iritsiko da lasterketa segidan, eta saihesbidean Altzibarko biribilgunerako bidea hartuko du. Altzibarren, berriz, Urretxura doan bidea hartuko dute, baina ez dira hara joango; izan ere, txirrindulariek gainditu beharko duten hurrengo mendatea Gorlakoa (2. mailakoa) izango da. Elosua auzoko errepidea igo beharko du tropelak; han agurtuko du Euskal Herriko Itzuliak Azkoitia.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide