Bakardadeari erantzuteko eredu komunitarioa garatuko dute Zestoan

Ihintza Elustondo eta Julen Imaz 2022ko otsailaren 9a

Bakardade egoeran dauden adinekoak identifikatu eta haien premiei erantzuteko, estrategia kolektiboa sortuko dute udalak eta Zestoako eragileek elkarlanean. Bi urteko prozesua gauzatuko du Hirube kooperatibako Maider Aranburuk herrian.

Gero eta gehiago dira bakarrik bizi diren adinekoak, eta arazo bilakatu da hori mendebaldeko gizarteetan, baita Zestoan ere. Hala adierazi du Mikel Arregi Zestoako alkateak, udalak egindako diagnostikoa oinarri hartuta: "Zestoan, adinekoen artean, %22 bizi dira bakarrik; 164 pertsona, zehazki. Eta hamabost urte barru, 250 izango dira bakarrik bizi diren adinekoak. Hori arazoa da gaur egun". Errealitate horren aurrean, nahi gabeko bakardadeak ekar ditzakeen arazoei aurre egiteko asmoz, Izarraitz proiektua aurkeztu du Zestoako Udalak udaletxean egindako agerraldian. Udal ordezkariez gain, ekitaldian izan dira San Juan egoitzako zuzendaritza, jubilatuen elkarteko kideak eta 3Z elkarteko ordezkariak.

Izarraitz egitasmoaren helburua honako hau da: estrategia komunitario bat abian jartzea, herrian zaurgarritasun egoeran dauden adineko pertsonak egoera larrietara iritsi aurretik atzemateko. "Azken urteotan, sare komunitarioak ahuldu diren neurrian, ahultzen joan da bakardade egoerak detektatzeko eta horiei laguntzeko komunitatearen eragina. Izarraitz egitasmoak aktibazio komunitario hori eragin nahi du, lehenik herritarrak kontzientziatuz, eta ondoren, zaintza komunitarioko estrategiak aktibatuz", adierazi du alkateak.

Hirube kooperatibak izango du Izarraitz proiektua gauzatzeko ardura, eta kooperatiba horretako kide Maider Aranburu bi urtez ariko da Zestoako udaletxean lanean, egitasmoa dinamizatzen. Aranburuk eman ditu proiektuaren inguruko azalpenak. Haren arabera, komunitatearen eta administrazioaren elkarlana bultzatuko dute, eta bi estrategia baliatuko dituzte. Alde batetik, egoera zaurgarrian dauden adineko pertsonak identifikatuko dituzte, diagnostiko bat eginez; fase hori datozen egunetan jarriko dute martxan. Bestetik, aktibazio komunitarioa egingo dute, "komunitatearen begirada soziala eta konpromisoa aktibatuz". Horren ostean, zaurgarritasun egoeran dauden pertsonen premiei erantzungo diete, esku hartze lana eginez, udaleko gizarte langileekin batera. "Egitasmoaren helburua da zaintza kolektiboaren eredu bat garatzea Zestoan, eta herriaren autozaintza sustatzea", adierazi du Aranburuk.

Arregik azaldu duenez, Hirube kooperatibarekin garatutako bi urteko prozesua amaitzean, Zestoako herriak bakardadean dauden pertsonak zaintzeko ekosistema propioa izango du. "Egituraketa bat izango dugu, eta tartean izango dira udal baliabideak eta egoitzen koordinazioa. Ondoren, baliabide horiek martxan jartzea zestoarron eginkizuna izango da".

Beste enpresa batek ere parte hartuko du Izarraitz proiektuaren garapenean; hain zuzen ere, Gislan kooperatibak proiektua garatu ahal izateko euskarri teknologikoa garatuko du.

"Herri proiektua"

San Juan egoitzako zuzendari Joseba Illarramendik proiektuaren herri izaera nabarmendu du. "Izarraitz herri proiektu bat da, eta horri garrantzi handia ematen diot. Zestoarrok aukera izango dugu nola zainduak izatea nahi dugun erabakitzeko. Herritik sortu da proiektua, udalak bere egin du, hainbat eragile elkartu gara, eta politikoki adostasuna dago. Hori da indargunerik handiena", esan du. Bestalde, zaurgarritasun egoeran dauden herritarrak identifikatuta, "etorkizuneko zerbitzuak nolakoak izan beharko diren hausnartu" beharko dela azpimarratu du, beharren araberako zerbitzuak eskaintzeko.

Xanti Ugarte 3Z taldeko kideak herriko eragileen izenean hitz egin du, eta proiektuak herriarentzat duen garrantzia aipatu du: "Egun hau ondo apuntatuko dugu gure historian. Gizarte honek eta herri honek behar duen proiektua da aurkezten ari garena". Hark esan duenez, hainbat eragileren lanaren ondorio da Izarraitz proiektua martxan jarri izana, eta horiei guztiei eskerrak eman dizkie agerraldian.

Aldundiaren laguntza

Izarraitz egitasmoak Gipuzkoako Foru Aldundiaren dirulaguntza jaso du. Hori horrela, Zestoako Udalak proiektuaren erdia finantzatuko du, eta beste erdia Aldundiak emandako dirulaguntzarekin osatuko dute.

Arregiren arabera, zaintzaren arazoari eremu publikotik erantzun behar zaio. "Pertsonen ongizatea eremu publikotik defenda daiteke ondoen, nahiz eta pertsonen ongizatea ere negozio bihurtzeko joera dagoen. Uste dugu ondoen zainduak gure herrian egongo garela, gure habitat naturalean, eta proiektu honekin hori sustatu nahi dugu. Arazo honi herri gisa egin behar zaio aurre". Era berean, proiektuak duen garrantzia azpimarratu du. "Agintaldi honetan udalak beste eragile batzuekin martxan jarriko duen proiektu estrategikoenetako bat izango da".

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide