Ados Pilotak antolatuta, emakume esku pilotariak Binakako Txapelketa Nagusia ari dira jokatzen lehen aldiz, eta lehian parte hartzen ari dira Eneritz Arrieta azkoitiarra, Naroa Agirre arroarra eta Oihana Orbegozo azpeitiarra. Txapelketa azken fasean murgiltzen hasi da; izan ere, aste honetan bertan jokatuko dituzte txapelketaren final laurdenetako partidak. Sailkapeneko hirugarren sailkatuak seigarrenaren aurka jokatu beharko du final laurdenetan, eta laugarrenak bosgarrenaren aurka. Lehen bi sailkatuak, aldiz, finalerdietara sailkatu dira zuzenean, eta zazpigarrena txapelketatik kanpo gelditu da.
Arrieta eta Agirre elkarrekin ari dira parte hartzen txapelketan, eta biek final laurdenetako partida jokatuko dute datorren igandean, otsailak 13, Iruñeko Labrit pilotalekuan, 12:00etan hasita. Azkoitiarra eta arroarra seigarren sailkatu dira txapelketako lehen fasean, eta hori horrela, hirugarrenak izan diren Etxekolonearekin eta Mujikarekin neurtu beharko dituzte indarrak. Partidako irabazleak Amurrion (Araba) jokatuko den finalerdirako sailkapena lortuko du. Orbegozo, aldiz, txapelketatik kanpo gelditu da; Etxeberriarekin batera aritu da azpeitiarra, eta garaipenik gabe amaitu dute txapelketa
Pilotariek beraiek sortutako klubak Eusko Labelen babesarekin antolatu duen lehen txapelketa profesionalaren finalak, gainera, Azkoitiko Gurea pilotalekuan jokatuko dituzte, otsailaren 27an. Pilotari guztiek beren amen abizenarekin ari dira jokatzen txapelketa; Arrieta, esaterako, Iturzaeta izenarekin ari da eta Azpeitia izenarekin dihardu Agirrek. Orbegozok, bestalde, Iraeta izanarekin jokatu du.