Santa Ageda bezpera izan zen atzo, eta usadioari jarraituz, lurra esnatzen ibili ziren Zestoan, Azkoitian zein Azpeitian. Zestoarrek goizean goizetik ekin zioten santa eskeari. Aitor Salegi, Unai Sarasua eta Aitor Zubikarai aritzen ziren kopla kantari eta Ane Urbieta eta Ekain Ugarte trikiti eta panderoarekin. Azpeitiko Ikasberri Ikastolako zenbait ikasle ere kalera atera zen goizean, eta giro ederrean ibili ziren santa eskean. Azkoitian Floreagako ikasleak aritu ziren kalerik kale, bi taldetan banatuta. Kontzejupera iritsita, alkateari kopla batzuk abesteko aprobetxatu zuten ikasleek. Arratsalde gau aldera ere santa eskean aritu ziren zestoan zein Azpeitian.