Saharar errefuxiatuei laguntzeko janari bilketa egin dute Orion eta Zestoan

Maialen Etxaniz 2022ko otsailaren 5a

Bildutako elikagaiak Elikatu Itxaropena izeneko karabanarekin batera bidaliko dituzte Tindufeko kanpalekuetara.

Saharako errefuxiatuei laguntzeko elikagaiak biltzen aritu dira gaur goizetik Orion, Zestoan eta Azkoitian. Bildutako elikagaiak Elikatu Itxaropena izeneko karabanarekin batera bidaliko dituzte Tindufeko kanpalekuetara.

Orion eta Zestoan goizeko 10:00etatik eguerdiko 14:00etara egin dute janari bilketa, eta Zestoako Wadna elkarteko kideek adierazi dute beste urteetan baino apalagoa izan dela ekarpena. Hala ere, herriko ikastetxeetan eta saltokietan ere jarri dituzte produktuak jasotzeko kutxak, eta herritarrek kutxa horietan ekarpena egin dutela azaldu dute. Gainera, Zestoan ez ezik, Azkoitian ere egin dute janari bilketa Wadna boluntarioek. Orion, aldiz, eguna apal hasi duten arren, herritarren ekarpenekin gustura agertu dira bilketan parte hartu duten boluntarioak. Duela hiru aste Orioko ikastetxeetan egin zuten janari bilketa, eta atzo eta gaur herriko saltokietan nahiz herriko plazan.

Otsaila amaieran bidaliko dituzte Tinfufeko kanpalekuetara asteotan Euskal Herri osoan zehar bildutako produktuak.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide