Gaur amaitu dituzte Zestoako Bidezarrako harrizko horma berreraikitzeko lanak. Zestoako Udalak jakinarazi duenez, harrizko horma berria egin dute azaroan horma zaharra erori zen tokian bertan. "Gainean hormigoizko inposta egin zaio. Hemendik egun gutxira, udal brigadarekin birtziklatutako materialarekin eginiko egur itxurako baranda jarriko da gune honetan", gaineratu du udalak. Horma berregiteko lanek 28.977,43 euroko kostua izan dute, eta Egurki Eraikuntzak enpresak egin du.
Obren ondorioz Bidezarrako bizilagunek ezin izan dituzte etxe ondoko aparkalekuak erabili. Orain, horma amaituta, aparkalekuak erabilgarri egongo dira gaurko 17:00etatik aurrera.