Dortsalak agortuta eta osasun egoerak baldintzatuta dator VI. Kobaz Koba Trail

Maialen Etxaniz 2022ko otsailaren 3a

Otsailaren 13an egingo dute Zestoako seigarren Kobaz Koba Trail. Gaur aurkeztu dute aurtengo edizioa Agiro mendi klubak eta Arazi IKTk. Osasun neurriak tarteko nahi baino dortsal gutxiago jarri dituzte eskuragarri, eta denak saldu dituzte. Guztira, 622 dortsal banatuko dituzte. Inoiz baino emakume gehiagok parte hartuko dute aurten Kobaz Koba Trail lasterketan.

Iazko etenaren ostean, bueltan da Zestoako Kobaz Koba Trail (KKT) lasterketa. Otsailaren 13an jokatuko dute urtero arrakasta handia izan ohi duen probaren seigarren edizioa, eta antolatzaileek gaur eman dituzte aurtengo lasterketaren inguruko xehetasunak. Bertan izan dira Mikel Arregi Zestoako alkatea, Arazi IKTko Juanjo Aramburu, Agiro mendi klubeko Mikel Irure eta probaren prestaketa lanetan aritzen diren zenbait bolondres. Osasun egoera tarteko, aurtengoa "murrizketei egokitutako lasterketa" izango dela adierazi dute antolatzaileek. 

Mikel Irurek eman ditu ibilbidearen inguruko xehetasunak, eta azaldu du"hobekuntzak" egin dituztela herrira errazago iristeko helburuarekin. Horrez gain, ibilbidea ohi bezala markatuta egongo dela esan du Irurek, eta aurten berrikuntza gisa kilometroak ere adierazita egongo direla  jakinarazi du. Hain zuzen, bost kilometroko, seinale bat jarriko dute. Guneetako laguntzaz gain, Gurutze Gorriaren eta identifikatuta egongo diren ia ehun boluntarioren laguntza izango dute korrikalariek. 

"Edizio desberdina" 

Antolatzaileen hitzetan, aurtengo edizioa aurrekoekin alderatuta "desberdina" izango da, "COVID-19aren hedapena sahiesteko hartutako erabakiak direla eta". Ohi bezala, bi ibilbide izango ditu: hamabost kilometroko Artzei bidea eta 26 kilometroko Zaldei bidea. Probaren antolatzaileek jakinarazi dutenez, bi ibilbideetarako izen-emateak "eskari izugarria" izan du aurten, eta muga jarri behar izan diote. "Ondorioz, pena handiz, nahi baina korrikalari gehiago geratuko zaizkigu itxaron-zerrendan", gaineratu dute. 

Maskararen erabilera arautu dute, eta irteeran –lasterketaren lehen kilometroan egongo den irteera neutralizatuan– eta helmuga gurutzatutakoan, korrikalariek maskara jantzita eraman beharko dute. "Lasterketari berari eman diogu garrantzia, historiaurreko koba, aldapa eta bide-zidorretan barrena disfrutatzeko. Egoerak behartuta, sari banaketa ez dugu ekitaldi publiko moduan ospatuko jende pilaketak ekiditearren; eta lasterketaren ondoren entregatuko zaizkie sariak merezitako txalo zaparradarik gabe bada ere", adierazi dute antolatzaileek. Era berean, Zestoara bertaratutako diren korrikalariei, ikusleei nahiz bertako herritarrei "jarrera eredugarria izateko" eskatu diete. 

Dortsal guztiak salduta

Guztira, 622 dortsal banatuko dituzte, eta parte-hartzaile horietatik 110 emakumezkoak izango direla. Inoiz baino emakume gehiagok eman dute izena aurten. Antolatzaileen arabera, 2020ko edizioan baino 22 gehiagok.  53 zestoarrek eman dute izena proban –30 ibilbide laburrean eta 23 luzean–, aurreko edizioan baino hamalau gehiagok. Antolatzaileen hitzetan, "lehia handia espero da beraien artean". Zestoarren artetik 11 izango dira emakumezkoak.

Proban izena eman duten parte-hartzaile gehienak Gipuzkoa, Bizkaia, Nafarroa eta Arabatik iritsitakoak izango dira.  Ipar Euskal Herritik, Errioxatik eta Salamancatik etorritako korrikalariek ere parte hartuko dute proban. 

Zaldei (25km) ibilbidea egin behar dutenen irteera ordua 9:00etan izango da eta Artzei (15km) ibilbidekoa 45 minutu beranduago, 9:45ean. Bi ibilbideen hasiera eta amaiera Zestoako Plazan izango da. Zestoako kiroldegi gunean izango dute lasterkariek hamaiketakoa egiteko aukera, eta bertan egongo dira, ohiko moduan ,dortsal banaketa-gunea eta arropa-zaindegia.

"Ibilbide ederra eta berezia"

Gaurko agerraldian adierazi dutenez, aurtengo ibilbidea "ederra eta berezia" izango da. Ertxiña, Endoia eta Santa Engraziko gainek "gogortasuna" emango diote ibilbideari. "Historiaurreko ondare eta aztarnategien lurraldean, historiaurreko margo eta harribitxiak jasotzen dituzten koben bideetan barrena egiten da lasterketa: Ekain, Danbolinzulo, Astigarraga, Amalda, Praileaitz, Astuigaña, Erraila, Urtiaga, Ermitia eta Erlaitz, eta gainera Irikaitzeko aztarnategia eta Arluze monolitoa", zehaztu dute antolatzaileek.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide