Itzaldu dute Arroagoian etxebizitza bat erre duen sua

Ane Olaizola eta Mailo Oiarzabal 2022ko otsailaren 3a

04:45 inguruan piztu da sua Santa Ana kaleko 11. zenbakian. Etxea hutsik zegoen, inor ez da bizi han eta ez da inor zauritu, baina suteak kalte material handiak eragin ditu etxebizitzan. Suhiltzaileek lanean jarraitzen dute han, su hondarrik balego ere.

Goizaldean sua piztu da Arroagoiko Santa Ana kaleko 11. zenbakidun etxebizitzan; Arroagoiko herri kaskorako sarreran eskuineko etxe ilarako lehen eraikina da sua hartu duena. Ertzaintzak UROLA KOSTAKO HITZAri azaldu dionez, 04:45 inguruan piztu da sua. Etxea hutsik zegoen, inor ez da bizi han eta ez da inor zauritu, baina suteak kalte material handiak eragin ditu etxebizitzan.

05:00 aldera iritsi dira suhiltzaileak; Zarauzko, Azpeitiko eta Eibarko parkeetakoak aritu dira sua menderatzeko lanean. Eguna argitu duenerako kontrolpean zuten sutea, eta 09:00ak baino lehen alde egin dute lekutik Azpeitiko eta Eibarko suhiltzaileek; Zarauzko suhiltzaile etxekoak gelditu dira bertan, sua itzali duten arren, su hondarrak egon daitezkeelako. Izan ere, suhiltzaileek azaldu dutenez, haiek iritsi direnerako teilatua hondoratuta zegoen. Bi solairuko etxebizitza da erre dena, eta teilatua hondoratzearekin azpiko bi solairuak kaltetu dira; bigarren solairua erabat kiskali da.

Erre den etxebizitzaren kontra dagoen 12. zenbakian ere ez zegoen inor sua piztu denean. Etxebizitza horretako teilatu zati bat ere hondatu du suak.

09:00 aldean hartutako argazkiak dira hauek:

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide