'Etxean indarra lantzeko ariketak' deituriko tailerra egingo dute otsailaren 1ean Zestoan

Anartz Izagirre 2022ko urt. 26a, 16:25

Zestoa Osasuntsu programaren barruko saioa izango da, eta 17:00etatik 18:30era egingo dute, Alondero aretoan. Gorputzeko indarrak "egunerokotasunean duen indarra" zer-nolakoa den erakustea da saioaren gakoa.

Datorren asteartean, otsailak 1, Zestoa Osasuntsu programaren barruko saio berri bat izango da. Etxean indarra lantzeko ariketak lelopean, gorputzeko indarrak "egunerokotasunean duen indarra" erakutsi nahi dute antolatzaileek saioaren bitartez, eta partaideei baliabideak emango dizkiete modu errazean ariketak etxean egin ahal ditzaten. Mikel Irure izango da tailerraren gidaria, eta 17:00etatik 18:30era eskainiko du saioa, Alondero aretoan.

Antolatzaileek nabarmendu dutenez, adin batetik aurrera gorputzaren indarra galtzen joaten dira helduak: "Gorputzeko giharrak ahultzen doazen heinean, funtzionalitatea eta mugikortasuna galtzen goaz, eta horrek gure bizitzaren kalitatean eragin zuzena du. Egunero egiten ditugun mugimenduetan indarra funtsezkoa da, hala nola eskailerak igotzeko eta jaisteko, etxeko lanak egiteko, erosketen poltsak eramateko edota erorketak saihesteko".

Bestalde, gogorarazi dute otsailaren 1ean ordu erdiko itzulia egingo dutela Zestoan zehar, 10:30ean kiroldegitik abiatuta; herritarrei bertan parte hartzeko deia egin diete.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide