Mikel Ibarguren: "Egin nuena hain delitu larria balitz, ondorioren bat izan behar zukeen"

Julene Frantzesena 2022ko urtarrilaren 26a

Ziburun (Lapurdi) bizi da zestoarra, eta 24 orduz atxilotuta izan zuen Frantziako Poliziak asteburuan. Lapurdiko muga igarota ziren bost migratzaileri Baionara iristen laguntzen saiatzeagatik atxiki zuten.

Frantziako Aireko eta Mugetako Poliziak Mikel Ibarguren (Zestoa, 1967) idazlea atxilotu zuen joan zen ostiralean Bidarten (Lapurdi). Gipuzkoa eta Lapurdi arteko muga igarota ziren bost migratzaileri Baionara iristen laguntzen saiatzeagatik atxiki zuten. Urola Kostako Hitzarekin hitz egin du hark bizi izandakoaz eta migratzaileei laguntzeko herritar sareak egiten ari diren lanaz.

Bost migratzaile ikusi zenituen ostiralean Biriatun (Lapurdi), errepide bazterrean. Haiei laguntzea erabaki zenuen. Zer gertatu zen?

Askotan ikusten ditugu migratzaileak noraezean, errepide ondoan gora eta behera. Ostiral arratsaldean bost migratzaile jaso nituen autoan, eta nire asmoa zen haiek Baionara eramatea; izan ere, han bada migratzaileentzako harrera gune bat. Horretan ari nintzela, Bidarte parean, poliziak gelditu, atxilo hartu eta Hendaiako [Lapurdi] komisaldegira eraman gintuen.

Migratzaileak, baina, Irunera (Gipuzkoa) itzularazi zituzten ondoren, ezta?

Bai. Komisaldegian ikusi nuen bost lagunak galdekatzen ari zirela, eta gero jakin nuen Irunera eraman zituztela; ez dakit noiz eta nola egin zuten. Beti hala jokatzen dute, beti eramaten dituzte Lapurditik Irunera. Dena den, muga pasatzen behin eta berriz saiatzen direnez, jakin ahal izan nuen Baionara helduak zirela igande goizean.

Ohikoa da, beraz, gertatu zitzaizuna.

Bai, gero eta ohikoagoa. Migratzaileei laguntza emateko herritar sareak antolatzen ari dira, aterperik ez duenari aterpea, gose denari jatekoa nahiz noraezean denari babesa, beroa eta laguntza emateko. Gero eta migratzaile gehiago ikusten ditugu egunerokoan, eta ikusten dugu, aldi berean, mugak militarazitatuta daudela, polizia xaxaka dutela une oro eta egoera oso-oso kaskarrean iristen direla gurera. Bizitza bera ere arriskatzen dute; ikusi ditugu Ziburun trenak harrapatuta, Bidasoan itota edota korrika ihes egiten ari zen lagun bat larri zaurituta. Drama asko ari dira gertatzen, eta gurera zer egoeratan iristen diren ikusita, herritarrak gero eta kontzienteago gara zerbait egin behar dela. Horregatik, gure helburuak dira segurtasuna, gizatasun pixka bat eta laguntza ematea.

Poliziak migratzaileei laguntzeko herritar sareak zelatatzen dituela salatu duzu. Zer modutan?

Atzetik ditugu, hori badakigu. Polizia bide bazterretan ikus daiteke, kontrolak ezartzen dituzte horiek. Esaten dute trafikatzaileen kontra ari direla, eta bai noski, horretan ere ari dira, baina trafikatzaileen aurka ari diren aitzakiapean, herritar sarearen atzetik ere ari dira. Ez da kasualitatea sareko kideok atxilotzea edo kontroletan gelditzea. Nola edo hala, katea moztea nahi dute.

Pertsonen trafikoa leporatu zizuten. Komisaldegian egon zinen orduetan zer esaten zizuten poliziek?

Delitua egiten ari nintzela esaten zidaten, modu irregularrean ziren pertsonak autoan hartzeagatik eta Baionara eramaten saiatzeagatik. Hori esanda saiatzen dira migratzaileen aldeko herritarren sarea kriminalizatzen. Saiatu ziren urtebetetik bost urtera arteko kartzela zigorra izan dezakeen delitua egin nuela sinestarazten, baina argi eta garbi nekien egin nuena ez zela delitua. 24 orduko atxiloaldia bukatu zelarik, inolako kargurik gabe utzi ninduten aske. Beraz, egin nuena hain delitu larria izan baldin bazen, ondorioren bat izan beharko zukeen, baina ez zen horrela izan. Horrek esan nahi du ez dudala deliturik egin.

Giza trafikoa ere errealitate gordina da, beraz, Gipuzkoa eta Lapurdi arteko mugan.

Polizia itxura egiten ari zen nirekin, ongi asko baitzekien nik migratzaileei ez niela dirurik eskatu. Baina, bai, giza trafikoa ere afera bat da; izan ere, trafikatzaile asko dabil inguruotan. Gizakien zoritxarrarekin aberasten ari den pertsona asko dago, eta egia da polizia horien atzetik ere badabilela. Dena den, hori aprobetxatzen dute gure elkartasun sarea eta gizatasunez egiten dugun lana oztopatzeko. Ez naiz lehena izan, eta ez naiz azkena izango; aurretik ere egin izan dituzte atxiloketak.

Esan duzu pertsona bat baino gehiago atxilotu dituztela migratzaileei laguntzeagatik. Zer giro sumatzen duzu?

Tentsioa nabaritzen da. Herritar sarea migratzaileei behar duten horretan laguntzeko prest dago, baina era berean, katua eta sagua bezala gabiltza, eta horrek tentsioa sortzen du. Badakigu polizia atzetik dugula denbora guztian, eta momentuka uzten digute egin behar duguna egiten, baina presioa areagotzeko eta hor direla erakusteko atxiloketak egiten dituzte. Herritar sarea mozten saiatzen ari dira. Oso paradoxikoa da: denok ikusten ditugu migratzaileak bide bazterretan edo mendian galduta, eta denon ahotan dabil gaia, bai herritarren, bai agintarien, baita polizien artean ere. Denek dakite zer ari den gertatzen, baina ikusezin egin nahi dute arazoa. Afera ez da ikusezin bilakatu behar, aterabide bat eman behar zaio, eta guk horixe diogu: konponbideak humanitarioa eta politikoa izan behar du, ez poliziala.

Egunero iristen dira migratzaileak Baionako Pausu zentrora. Zein da hango egoera?

Egunero-egunero iristen dira, Irungo harreragunera edo Gurutze Gorrira bezalaxe. Ez dakizkit zifra zehatz-zehatzak, baina orain dela urte batzuk 600 lagun iristen baldin baziren, orain mila ailegatzen dira. Beraz, gero eta gehiago dira gurera iristen diren migratzaileak. Lapurdin atxilotu eta Irunera itzularazten badituzte ere, behin eta berriz saiatzen dira muga igarotzen, eta lortzen dute, baina zer prezioren trukean? Batzuk bidean gelditzen dira. Ohituta geunden telebistaren bidez migratzaileak Lesbos uhartean [Grezia] edo Mediterraneoan itotzen ikustera, baina hemen, etxe aurrean edo atarian dugu orain arazoa. Poliziaren sareetatik ihes egiteko edozein modu bilatzen dute, edozer gauza egiteko prest dira.

Urrun zegoen arazoa begien aurrera etorri zaizue...

Lehen ere ikusten genituen Lapurdin, errepide bazterrean, hara eta hona, baina zerbait egin behar dela jabetu arte... Gaia oso prepolitikoa da, ez da ideologikoa. Laguntza ematea da xedea, besterik ez. Migratzaileek asko eskertzen dute, eta haiekin giro oso humanoa eta lotura handikoa sortzen da. Ibai bat baino izan behar ez zuen Bidasoa muga hertsi bat da, militarizatua. Zoritxarrez, horretan bilakatu da.

Esperientzia gizatiarra dela esan duzu, baina gogorra ere izango da, ezta?

Bai, bai, noski. Guk Baionara iristen lagundu izanagatik, gero ez dugu jakiten ez zer egin duten, ez non diren. Gure betebeharra hori da, muga pasatu ostean babesa erakustea. Hainbeste hitz egiten da giza eskubideez, ahoa betetzen zaigu errespetuaz eta abarrez, baina ikusten da alderantzizkoa dela egoera. Migratzaileen begietan tentsioa ikusten da. Askotan, etxetik atera zirenetik hiru urte igarota iristen dira Lapurdira, batzuek drama handiak bizi izan dituzte, eta hori aurpegian nahiz begietan nabaritu egiten zaie.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide