Abenduaren 16tik erabilgarri dagoen Gurutzeaga kaleko komun publiko berrian txikizioak egin zituzten hil honen hasieran, eta gertatutakoa gogor salatu zuen Zestoako Udalak. Orain, txikizio haiek eragindako kalteak konponduta, komun autogarbigarria berriro martxan dago. Udalak jakinarazi duenez, Lorke enpresak egin ditu konpontze lanak, eta 1.052 euro bideratu dituzte komun estreinatu berriak lehengoratzera.
Konponketen berri emateaz gain, ohartarazpena egin nahi izan du udalak: norbait identifikatzen badu berriz ere komunetan txikizioak egiten, "dagokion prozedura zigortzailea martxan" jarriko du udalak, tartean "ardura ekonomikoak" eskatuta. "Herriko kalean komun publikoa izatea lehentasunezko zerbitzu bat da eta guztiona den ondare publikoaren aurkako erasoak benetan onartezinak dira", gaineratu du erakundeak ohar bidez.