Zestoako Correosen bulegoa dagoen eraikinak ez zuen gainditu 50 urtetik gorako etxebizitzek pasatu beharreko ikuskaritza teknikoaren azterketa, eta udalak joan zen azaroan jakinarazi zuen epe motzean eraikina eraitsi egingo zutela. Izan ere, udalak orduan azaldu zuenez, azterketa teknikoaren egileek adierazi zuten eraikina konpontzea baino eraistea egokiagoa zela. Zestoako Udalak orain jakinarazi duenez, martxo amaierarako eraitsiko dute eraikina.
Eraikina botatzeko lanak gauzatzeko, lizitazio prozesua jarri zuen martxan Zestoako Udalak. Bi enpresa aurkeztu ziren lehiaketara, eta Zanjadoras y Desmontes S.A. enpresak irabazi du lehiaketa. Udalak eta enpresak kontratua sinatuko dute datozen egunetan, eta une horretatik bi hilabeteko epea izango du enpresak eraikina eraisteko. Beraz, martxo amaierarako eraikina botata izango dela aurreikusten du udalak. Lan horiek 69.000 euroko kostua izango dute.
Eraikin hori kokatzen den orubea jabetza publikokoa da; udalaren arabera, "eremu oso estrategikoa da, erdigunean dagoelako". Erakunde horrek azpiegitura sozialak eraikitzeko asmoa du han; "etxebizitza sozialak edo behar sozialak asetzeko azpiegitura bat" egingo dute zehazki, Mikel Arregi alkateak azaldu duenez.
Correos, anbulatorio zaharrera
Hori horrela, Correosen bulegoa lekuz aldatuko da; hain zuzen ere, lehen anbulatorioa kokatzen zen lekura. Gune horrek ehun metro karratutik gora ditu, baina eremuaren zati bat baliatuko dute Correosen bulegoarentzat; 30 metro karratu inguru izango ditu. Arregik azaldu duenez, Correosen zerbitzuan aldaketak izan direnez, langileek adierazi dute nahikoa dutela tamaina horretako bulegoarekin. Gainera, igogailua ere badago lokal horretan. Dagoeneko udalak egokitu du gunea, eta beraz, lekualdaketa egiteko moduan dira.
Alkatearen arabera, Correos orain arte kokatu den eraikinak badu berezitasun bat; beheko zatian, harrizko egitura bat dauka. Arregik azaldu duenez, Antonio Cortazar arkitektoak egin zuen egitura hori –Donostiako erdialdea ere hark diseinatu zuen–. Zati hori babestea erabaki du udalak, eta beraz, lehen zegoen bezala mantenduko dute egitura hori. "Uste dugu ondare gisa hori mantentzea garrantzitsua dela", esan du Arregik.