Santa Ines festarik ez dute ospatu aurten ere Iraetan, baina jai horien barruan urtero antolatu ohi duten herri kirol jaialdiak ez du hutsik egin. Atzo arratsaldean, hiru kirol dema jarraitzeko aukera izan zuten pilotalekuan elkartu zirenek: Urrezko Binakako Aizkolari Txapelketaren eta Emakumezkoen Harri-Jasotze Txapelketaren hirugarren jardunaldiak, eta Errota Harri-Jasotze Txapelketa. Edukiera mugarekin, bete egin zen kirol gunea eta ikusle dezente gelditu zen kanpoan, sartu ezinda.
Emaitzei dagokienez, Mikel Lopetegi Urrak bere nagusitasuna erakutsi zuen beste behin Errota Harriarekin. 2020an nola, atzo ere zarauztarra izan zen Errota Harriari, 107 kiloko bolari, altxaldi gehien eman zizkiona: 30 aldiz jaso zuen, hiru minutuko tartean. Paulo Azpiazu gerturatu zitzaion gehien Urrari, 27 altxaldirekin; BeƱat Telleriak 26 aldiz jaso zuen harria, eta 22 jasoaldirekin gelditu zen lehiako beste zarauztarra, Xabat Olaizola. Jagoba Otaegi aizarnarra ere Iraetan aritzekoa zen atzo, baina azkenean huts egin zuen hitzordura.
Beste aizarnar bat, Luis Txapartegi, zen Urrezko Binakako Aizkolari Txapelketaren jardunaldiko protagonistetako bat. Zalduarekin bikotea osatuta ari da lehiatzen txapelketan Aizarnakoa. Atzo, Hodei Ezpeletarekin eta Jokin Urretabizkaia Basozabalekin neurtu zituzten indarrak Txapartegik eta Zalduak, eta Ezpeletak eta Basozabalek irabazi zuten Iraetako norgehiagoka. Sei probetan egin zuten denbora hobea irabazleek; denbora horiek batuta, guztira 18 minutu eta 4 segundo behar izan zituzten lan guztiak bukatzeko, eta Txapartegik eta Zalduak, berriz, 22 minutu eta 31 segundo.
Emakumezkoen Harri-Jasotze Txapelketaren hirugarren jardunaldian, Lur Errekondo usurbildarrari tokatu zitzaion lehiatzea, eta lan txukuna egin zuen. Bi minutuko hiru txandatan, 50 kiloko zilindroa, kubikoa eta bola altxatu behar izan zituen Errekondok hurrenez hurren, eta guztira 46 jasoaldi batu zituen.
Hona hemen, Ibon Errazuk Iraetako herri kirol jaialdian ateratako argazkien bilduma: