Santa Ines jairik ospatu ez badute ere, festen bueltan antolatu ohi duten pilota txapelketaren finalak izan dira gaur Iraetako Txikito frontoian. 10:30ean hasita, hirugarren eta laugarren postuak erabakitzeko norgehiagoka jokatu dute bi bikotek. Hain zuzen ere, Adonis eta Hectorrek 18 eta 10 irabazi dute Mikelen eta Liamen kontrako partida. Izatez, Adonisek Kixkurrarekin jokatu behar zuen neurketa, eta Mikelek Joritzekin, baina bikote bakoitzeko kirolari bat min hartuta zelako, aldaketak egin dituzte.
Ikusmina sortu duena, baina, finala izan da. Hainbat lagun joan dira norgehiagoka ikustera, eta pilotariek ikuskizun ederra eskaini dute. Partida orekatua izan da hasieran, baina neurketa aurrera zioan heinean, abantaila lortu dute Jantxi eta Liher zestoarrak. 22 eta 15 nagusitu dira horiek, Peio eta Aitzol oikiarren kontra, eta beraz, haientzat izan da aurtengo txapela.
Ohiturari jarraituz, txarangak lagunduta joan dira piloriak frontoira. Zestoan hain entzutetsua den Goazen frontoira abestia lagun sartu dira kirolariak pilotalekura.
Herri kirolak arratsaldean
17:30ean hasita, herri kiroletako saioak izango dira Iraetako pilotalekuan. Urrezko Aizkolari Txapelketako Eusko Label Sariaren barruan, Xabier Zaldua eta Luis Txapartegi Hodei Ezpeletaren eta Jokin Urretabizkaia Basozabalen kontra ariko dira.
Errota Harri Jasotze Txapelketa ere jokatuko dute arratsaldean bertan. Bost harri jasotzaile ariko dira nor baino nor, tartean, eskualdeko hiru: Mikel Lopetegi Urra eta Xabat Olaizola zarauztarrak eta Jagoba Otaegi aizarnarra. Horiez gainera, Beñat Telleria (Lasarte-Oria, Gipuzkoa) eta Paulo Azpiazu (Osintxu, Gipuzkoa) harri jasotzaileek ere parte hartuko dute lehian.
(Argazkiak: Julene Frantzesena eta Itsaso Waliño)