Eguzki erakunde ekologistak Zestoan, Urola ibaiaren babes eremuan, uralita hondakinak daudela salatu du Gipuzkoako Ingurumen Fiskaltzan. Abenduaren 22an jakinarazi zuen taldeak hainbat uralita hondakin zeudela, eta haren arabera, URA agentziari eta Zestoako Udalari ere eman zioten horren berri. Dena den, bi erakunde horien "inolako jakinarazpenik ez" duela jaso azaldu du; are gehiago, hilabeteren ostean, uralitak leku berean jarraitzen duela esan du.
Eguzkik gogorarazi du uralitaren salerosketa debekatuta dagoela 2002tik, eta uralitak izaten duen amiantoa pertsonentzat nahiz ingurumenarentzat "arriskutsua" dela gogorarazi du. "Amiantoa bezalako hondakin arriskutsu bat kontrolik gabe botatzea, arau hauste administratibotik haratago, ingurumen delitua da, are gehiago ibaian edo ibai ertzean egiten bada, urak uralitaren osagai toxikoak zabaltzea denbora kontua baino ez baita".
Fiskaltzan aurkeztutako salaketaren harira ireki dituzten txostenak eskatzeko eskatu die Eguzkik URAri eta Zestoako Udalari, eta halaber, Ertzaintzaren ingurumen taldeari uralitaren jatorria ikertzeko eta hori ibai ondora bota duen identifikatzeko galdegin dio.
Zestoan gertatzen dena ez dela "salbuespena" adierazi du Eguzkik, ohar bidez. "Hondakinak ibaira botatzea jarduera arrunta da bailara osoan. Esaterako, abenduaren bukaeran nekazaritzan erabiltzen diren plastikoak Azkoitian ibaira bota zituztela salatu genuen". Gainera, ibaiak eta errekak hondakinetatik babesteko legeak, arauak eta ordenantzak badirela gogorarazi du taldeak, eta Zestoako kasuan, neurriak URAk, Urola Erdiko Mankomunitateak nahiz Zestoako Udalak hartu behar dituztela esan du.
Ez da Eguzkik azken hilabeteetan egin duen salaketa bakarra Zestoakoa. Izan ere, taldearen arabera, hondakinak ibaira botatzea "eguneroko ogia" da. Horregatik, ibaiaren gaineko segimendu plan bat martxan jartzeko eskatu du, "ibaiaren eta erreken ingurumen kalitatea bermatzea helburu". Dena den, Eguzkik garbi du bi direla egoeraren arazoak: "Batetik, ingurumen kulturarik gabeko sektore bat –hondakinak botatzen dituena– izatea; eta bestetik, eskumenak dituzten administrazioen utzikeria".