Jon Artanok Tene Mujika beka irabazi du

Julene Frantzesena 2022ko urtarrilaren 18a

Anderik Ande izeneko proiektua garatuko du kazetari zestoarrak urtebeteko epean. Amerikaren eta euskaldunen arteko harremanak aztertuko ditu lanean, eta liburu formatuan argitaratuko dute bukatzean. Debako Udalak eta Elkar argitaletxeak sustatzen dute Tene Mujika beka.

Jon Artano kazetari zestoarrak irabazi du 2022ko Tene Mujika beka, Anderik Ande izeneko proiektuari esker. Amerikaren eta euskaldunen arteko harremanak aztertuko ditu lanean. Hain zuzen ere, Ameriketan ibilitako hainbat euskaldunen eta Euskal Herrian diren hainbat amerikarren kontuak jasoko ditu Artanok liburuan, eta urtebeteko epea izango du lan hori gauzatzeko.

Bi zati izango ditu lanak, Artanok bekara aurkeztutako proiektu proposamenean azaldu duenez. Batetik, Joandakoak izeneko atala, Hego Amerikan kokatutakoa –Argentinan, Txilen, Bolivian, Perun, Ekuadorren, Kolonbian eta Venezuelan, besteren artean–, hara joandako hainbat euskal herritarren istorioak bilduko dituena; eta bestetik, Etorkizunaz izeneko atala, Latinoamerikatik Euskal Herrira etorri eta garbiketa nahiz zaintza lanetan aritzen diren emakumeez ariko dena. Besteak beste, elkarrizketak, kronikak eta bidaia liburuek izan ohi dituzten osagarriak izango ditu zestoarrak ontzeko asmoa duen kontakizunak.

Euskal Herriko historia hurbilaz idazteko fikziozkoak ez diren proiektuak saritzen ditu Debako Udalak eta Elkar argitaletxeak antolatutako bekak. Aurten aurkeztutako lanen artean Artanorena nabarmendu du Idurre Eskisabelek, Imanol Muriak eta Elixabete Garmendiak osatutako epaimahaiak.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide