Lur jausiaren kalteak konponduta, gaur irekiko dute Zestoako Urdanetabidea

Mailo Oiarzabal 2022ko urtarrilaren 17a

Abenduaren 11tik itxita egon ostean, gaur arratsaldetik aurrera berriro erabilgarri egongo da Txiriboga eta Urdaneta auzoak lotzen dituen herribidea.

Urdanetabidea berriro irekita egongo da gaur arratsaldetik aurrera, Zestoako Udalak jakinarazi duenez.

Hilabete pasa egon da itxita Txiriboga eta Urdaneta auzoak lotzen dituen herribide hori. Abenduaren 11n, euriteek eraginda, lur jausi handi bat gertatu zen Goikoetxea eta Indo baserrien artean. Kalte handiak eragin zituen bidean lur jausiak, eta udalak aurreratu zuen "egunak" igaroko zirela kalte horiek konpondu eta bidea berriro ireki arte. Abenduaren 20an hasi zituzten konponketa lanak Urdanetabidean:27 metro luzeko harri lubeta eraiki dute bidea egonkortzeko, euri urak bideratzeko drainatze sistema ere ezarri dute, eta bidearen beste zati batean, lehendik pitzadurak zeuden tokian, bide zatiak berritu dituzte.

Excavaciones Ekin SL enpresak egin ditu lanak, eta horien gastua 35.320 eurokoa izan da azkenean.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide