Iraetan aurten ere Santa Ines festarik ez dute ospatuko, baina kirol ekitaldiak egingo dituzte

Nerea Uranga 2022ko urtarrilaren 14a

Santa Ines festarik ez dute ospatuko aurten Iraetan. Hala ere, martxan dagoen esku pilota txapelketako finalak eta herri kiroletako saio bat izango dira urtarrilaren 23an.

Iaz bezalaxe, aurten ere Iraetan ez dute santainesik ospatuko, pandemia egoera tarteko. Beraz, ez da pintxo lehiaketarik, puzgarririk... eta halakorik izango. Hala ere, santainesetako Binakako Esku Pilota Txapelketa jokatzen hasita daude, eta lehiaketako finalak hilaren 23an, igandea, jokatuko dituzte Iraetako pilotalekuan, 11:00etan hasita.

Herri kirol saioak, hilaren 23an

Horrez gainera, urtarrilaren 23an, 17:30ean hasita herri kiroletako saioak izango dira Iraetako pilotalekuan. Urrezko Aizkolari Txapelketako Eusko Label Sariaren barruan Xabier Zaldua eta Luis Txapartegi Hodei Ezpeletaren eta Jokin Urretabizkaia Basozabalen kontra ariko dira.

Errota Harri Jasotze Txapelketa ere jokatuko da Iraetan. Bost harri jasotzaile ariko dira nor baino nor, tartean, hiru eskualdekoak: Mikel Lopetegi Urra eta Xabat Olaizola zarauztarrak eta Jagoba Otaegi aizarnarra. Horiez gainera, Beñat Telleria (Lasarte-Oria, Gipuzkoa) eta Paulo Azpiazu (Osintxu, Gipuzkoa) harri jasotzaileek ere parte hartuko dute.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide