Substantzien kontsumoaren inguruko hitzaldia emango dute Zestoan

Ihintza Elustondo 2022ko urtarrilaren 13a

Gipuzkoako Foru Aldundiaren Treba Gurasoak egitasmoaren barruan antolatu dute saioa, eta alkoholaren, tabakoaren eta kanabisaren kontsumoaren inguruko informazioa emango dute. Asteartean izango da saioa, 18:00etan hasita, Alondero aretoan.

Gipuzkoako Foru Aldundiaren Treba Gurasoak egitasmoaren barruan, hitzaldi bat izango da Zestoan: zehazki, Substantzien kontsumoa. Zer egin dezake familiak? izenburupean emango du Irati Lezamak. Datorren asteartean, hilak 18, izango da solasaldia, 18:00etan hasita, Alondero aretoan. Hitzaldiaren helburua da familiei beren seme-alaben heziketan izaten den kezka handienetako bati buruzko informazioa ematea; hau da, nerabeen eta gazteen artean izaten den substantzien kontsumoaren inguruko argibideak ematea, batez ere, alkoholaren, tabakoaren eta kanabisaren ingurukoak. Hitzaldi horretan parte hartzeko interesa dutenek aurrez izena eman beharko dute, Gaztelekuko 688 68 40 29 Whatsapp zenbakira idatzita. Gutxienez, hamar laguneko taldea osatu beharko da saioa egin ahal izateko.

Treba Gurasoak egitasmoaren barruan, beste hitzaldi bat ere emango dute Arroabean, Arauak eta mugak familian. Nola ezarri era asertibo batean, izenburupean. Hitzaldi hori Donna Apellanizek eskainiko du, eta data zehazteko dago oraindik. Treba Gurasoak prestakuntza egitasmorekin, gurasoak hezkuntza gaitasunetan trebatzea da asmoa, haurren eta nerabeen bizi-kalitatea nahiz aukerak hobetzeko.

 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide