Atzo eman zituen argitara Eusko Jaurlaritzak iaz gizarte lan solidarioa egin zuten pertsonen eta elkarteen izenak, eta tartean eskualdekoak ere badira. Guztira, 11 domina banatu ditu, bi bereizgarri gorridunak eta bederatzi bereizgarri berdedunak.
Hain justu ere, Iñaki Agirre oriotarrari egokitu diote bereizgarri gorridun dominetako bat, pertsonak arriskuan jarri dituen larrialdi-egoera batean aparteko ausardia nahiz gizatasuna erakutsi duten ekintza egiteagatik. Zehazki, Orioko Antilla hondartzan ustekabean itsasora erori zen parapentista bat erreskatatu zuen surfean ari zela.
Era berean, bereizgarri berdeduna jasoko du Zestoako bizilagun Ibai Rengelek. Joan den urriaren 1ean, N-634 errepidean, Getariako San Prudentzioko bidegurutzean izandako istripuaren ondoren, erabakigarritasunez jardun zuen gorputz-adar bat galdu zuen pertsona bati laguntzen.
Bestalde, aintzatespen aitortza egin diote 25. urteurrena egin zuen Zingira Zarautz Babes Zibilari, eta horrekin lotuta, elkarteko honako lau boluntariori diploma eman zioten horrenbeste urtez zerbitzuan aritzeagatik: Iñaki Araolaza Zumeta, Andres Ayala Virumbrales, Modesto Garcia Trula eta Iñaki Rangil Eskudero.