Loratuz Lotu transexual helduentzako elkartea sortu zenuten joan zen urtean. Nondik sortu zitzaizuen horretarako ideia?
Nire lankideak eta nik helduak ginenean egin genuen trans prozesu guztia, eta alor horretan izugarrizko gabeziak ikusten genituenez, eskolako proiektu bat martxan jartzea erabaki genuen. Izan ere, erdi eta goi mailako zikloetan enpresei buruzko ikasgaia egon ohi da, eta gu Gizarteratzea zikloko ikasleak garenez, Loratuz lotu elkartea sortzea erabaki genuen.
Elkarteko kideetako batzuek zeuen azalean bizi izan duzue trantsizioa. Zertan lagun diezaiokezue pauso hori oraindik eman ez duen pertsona bati?
Hiru kide gara elkartean, eta horietatik bi trans gara. Aldaketa soziala bizi izan dugu, baita medikalizatutako tratamendua ere. Uste dugu gure esperientzietatik laguntza eskaini dezakegula, bizipen batzuk antzekoak izan baitaitezke. Ez gara abokatuak, eta, beraz, legediaren aldetik ez gara adituak, baina prozesuan eman beharreko pauso asko berdinak direnez, badakigu nondik jo eta nondik ez, esperientziak ematen dituen jakintzak direlako horiek. Azkenean, guk ulertuko ditugu beste pertsona batek ulertuko ez lituzkeen kontuak.
Ildo horretatik, zeintzuk dira zuen asmoak elkarte honen bitartez?
Trans pertsonen mormalizazioa nahiko genuke, eta trans izatea ez izatea balio erantsia; hau da, trans pertsonok beste edozein pertsonaren bizitza bera izatea nahiko genuke, eskubide eta baliabide berak edukitzea, alegia. Izan ere, askotan lan egiteko, adibidez, ez dugu eskubide bera, diskriminazioa dago. Administrazio kontuak egiterakoan ere askotan arazoak egon ohi dira, eta halako gauzak saihestea lortu nahiko genuke. Horrez gain, osasun arreta hobea eskuratu nahi dugu, hormonak hartu beharrik ez izatea… Errekonozimendua eskatzen dugu.
Euskal Herrian badaude transexualitatearen gaia lantzen duten hainbat elkarte. Zein da haiekin duzuen harremana?
Naizen elkartearekin, adibidez, oso harreman estua daukagu, eta edozein zalantza ditugunean haiek argitzen dizkigute. Horrez gain, badaude beste elkarte mota batzuk ere, ez direnak zuzenki trans kolektiboari zuzendutakoak, baina bai mundu berekoak; esaterako, homofobia lantzen dutenak, sexualitateaz aritzen direnak… Horiekin ere proiektuak ditugu, eta elkarlanean aritzen gara. Oso garrantzitsua iruditzen zaigu elkarteok sare moduan lan egitea.
Urtebete pasatxo daramazue Loratuz Lotu proiektuarekin. Zein da orain arte izan duzuen esperientzia?
Oraindik ere ez daukagu eduki nahiko genukeen guztia, baina herriz herri ematen ari garen hitzaldiekin oso gustura gaude, iruditzen baitzaigu jendearentzat oso baliagarriak izaten ari direla. Are gehiago, iruditzen zaigu saio horien bitartez, beraien egoera normala dela eta, gurekin konta dezaketela ikusten lagundu diegula. Saioen balorazio positiboa egiten dugu, eta asko egin dugu urtebete honetan, nahiz eta oraindik asko dugun egiteko. Emankorra izan da prozesua.
Jende asko joan al da zuengana laguntza eske?
Oraindik ere ez dira pertsona asko izan gugana zuzendu direnak, baina azkenean gai konplikatua da, eta konfiantza handia behar izaten da sarritan. Ohartu gara gure elkartea oraindik ere ez dela oso ezaguna, eta askotan gugana jotzen dutenak bitartekari lanak egiten dituztenak izan ohi direla. Hitzaldien bitartez etortzen dira asko, ez horrenbeste beren kasuaren jarraipena egiteko, baizik eta zalantza puntualak argitzeko.
Transexualitateari loturiko kontzeptuak geroz eta ezagunagoak dira orain. Jendeak kontzeptu horiek argi dituela iruditzen al zaizue?
Asko dakigu, baina aldi berean, gutxi. Trans gaia geroz eta ezagunagoa da gizartean, baina kontzeptuak oso ezezagunak dira oraindik. Eskoletara hitzaldiak ematera joaten garenean konturatzen gara hainbat kontzepturen esanahiarekin sekulako kaka-nahastea dagoela, eta askotan orientazioa identitatearekin nahasten dute. Oinarrizko kontzeptuen azalpena oso beharrezkoa da oraindik.
Zeintzuk izango dira gaurko hitzaldian jorratuko dituzuen gaiak?
Jendeari saiatzen gara erakusten ez dagoela trans izateko modu bakar bat. Askotan jendeari iruditzen zaio trans bat ebakuntza egin eta hormonak hartzen dituen pertsona bat dela, eta guk trans izateko modu asko daudela esan nahi dugu, hau da, hormonatzen ez direnak, ebakuntza egiten ez dutenak… Beste bide batzuk ere badaude. Horrez gain, erakutsi nahi dugu badaudela beste pertsona batzuk ez emakume eta ez gizon bezala identifikatzen direnak. Gure ibilbidea ere azaltzen dugu, baita zergatik eskatzen dugun patologizazioarekin amaitzea ere.
Esan ohi da herri txikietan hirietan baino ikusgarritasun gutxiago duela LGTBIQ+ kolektiboak.
Orokorrean bai, baina bizipenen araberakoa ere bada hori. Hernanin, adibidez, herri txikia izan arren, bizipenak daude, eta horrek ikusgarritasun handiagoa izatea dakar. Inor ezaguna ez dagoen herri txikietan, ordea, ikusgarritasun eta kontzientziazio gutxiago dagoela iruditzen zait.
Joan zen urtean hautsak harrotu zituen Espainiako Gobernuak onartu zuen trans legearen aurreproiektuak. Zer iritzi duzue horretaz?
Guztiz beharrezkoa da lege hori, baina oso desberdina da hasieran zein asmo zuten, eta azkenean legea zer-nolakoa izango den. Ikusteko dago, iruditzen baitzait aurpegira barre egin digutela; egin beharreko guztia ez da lege horrek jasotzen duenaren laurdena ere. Gauza gehiago jaso beharko lituzkete: kanpotarrak onartzea, ez bitarrak onartzea… Esaten dutenetik errealitatera ere jauzi handia dago; izan ere, gauza bat da legeak zer dioen eta bestea lege hori nola jartzen den praktikan. Trans legearen ezarpena nolakoa den ikusi beharko litzateke orain.
Trans gaia plazara izena eman diozue Zestoako hitzaldiari. Denbora gutxian ikusgarritasun handia lortu du transexualitatearen gaiak. Gauzak aldatzen ari diren seinale al da hori?
Duela 20 urte edo gutxiago ezingo genukeen gizarte normalizatu batean bizi. Horrez gain, esango nuke trans pertsonen ikusgarritasuna eta onarpena ere asko hazi direla jendartean. Hala eta guztiz, erasoak ere gehitu egin dira, eta guk bi kontu aipatu ohi ditugu gai horren inguruan; alde batetik, onarpena igo egin dela, baina, bestetik, erasoak ere asko legitimatu direla. Bi alde horien borroka dago gizartean.