Arroabeko Sakulupe parkean tirolina jarri dute

Ane Olaizola 2022ko urtarrilaren 7a

Duela bi aste jarri zuten tirolina parkean, Ezkaizto auzo elkarteak bultzatuta.

Zestoako Arroabea auzoko Sakulupe parkean tirolina dago erabilgarri duela bi astez geroztik, Ezkaizto auzo elkarteak  bultzatuta. Joan zen urtean, auzolanean atondu zuten parkea, eta orain beste pauso bat eman dute gaztetxoak han jolas dezaten. "Udan auzolanean hasi genuen Sakulupeko interbentzioan emandako pauso bat gehiago da tirolina jartzearena. Hain zuzen, prozesu parte hartzailean ateratako ideiak oinarri, Arroako eskolako Sakulupe guraso elkarteak egindako galdeketa baten ondorioz erabakitako ekarpen ekonomikoaren fruitua da tirolina jarri izana", adierazi dute sustatzaileek. Tirolina, beraz, Sakulupe guraso elkarteak ordaindua da, eta Zestoako udalak tirolina ezartzeko lanak bere gain hartu ditu.

Joan zen udan ireki zuten Sakulupe, eta HITZAk erreportajea egin zuen proiektuaren ibilbideaz. Guraso elkarteko kideek azaldu dutenez, Sakulupe parkea "geroz eta itxura hobea" hartzen ari da eta diote "arrakasta" izan duela: "Herritik herriarentzat eraikitzen ari den momentutik, proiektua izaten ari den arrakasta ere tamainakoa da". Aurreratu dute Ezkaizto auzo elkarteak 2022an prozesuarekin jarraitu eta Sakulupe parkean falta diren lanak elkarlanean egikaritzeko ilusioa duela.

(Argazkia: Danbolin)

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide