Errege Magoek kabalkadan zeharkatu dute Zestoako erdigunea

Mailo Oiarzabal 2022ko urtarrilaren 5a

Aurten bai. Aurten, Meltxor, Gaspar eta Baltasar Zestoan izan dira Errege egunaren bezperan, eta ohiko harrerarik gabe izan bada ere, kalez kale ibili dira Errege Magoak iluntzean, zestoarrak agurtzen. Aurretik, arratsaldean, magoen laguntzaileak plazan egon dira, haurren gutunak jasotzen.

Akoatik behera jaitsi dira erdigunera hiru erregeak, adar hots eta txistu doinuen artean, bakoitza bere zaldiaren gainean eta laguntzailez ondo hornituta, gauean banatuko dituzten oparietako batzuk beraiekin zekarzkitela. Kabalkadan eta geldialdirik egin gabe ibili dira Errege Magoak Zestoako erdiguneko kale eta plazetan barna; hasieran iragarria zegoena baino ibilbide laburxeagoa egin dute azkenean, eta ordu erdi eskasean osatu dute desfilea. Gozokirik ere ez dute banatu aurten, baina ez dira zuhurkerietan ibili agurrak, musuak eta irribarreak banatzerakoan.

Eta etorri diren bidetik itzuli dira, Akoa aldera berriro, datorren urtean herriko haurrak gertuagotik agurtu ahal izateko itxaropenarekin.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide