Bueltan dira hainbat lasterketa

Ihintza Elustondo 2022ko urtarrilaren 5a

Azkenaldian bertan behera gelditu dira hainbat kirol proba, baina bueltan dira Azkoitia-Azpeitia maratoi erdia, Kobaz Koba Trail, Talai Mendi Trail eta Aiako Mendi Lasterketa.

Azken bi urteotako osasun egoera tarteko, bertan behera gelditu dira hainbat eta hainbat kirol proba, eta beste batzuk egokitu egin dituzte, modu birtualean eginez. Dena den, pixkanaka-pixkanaka, hasi dira lasterketak lehengora itzultzen, eta eskualdean, dagoeneko zehaztu dituzte urte berrirako zenbait data.

Azkoitia-Azpeitia maratoi erdia da Urola Kostan jokatu ohi den korrikako proba garrantzitsuenetako bat. Duela bi urte bertan behera utzi zuten lasterketa, eta iaz, modu birtualean egin behar izan zuten. Hala ere, aurtengoan, normaltasunez egitea da antolatzaileen asmoa, "une horretako osasun neurriek eragozten ez badute". Martxoaren 26an egingo dute maratoi erdiaren XXIX.edizioa, eta urtarrilaren 31n irekiko dute bertan izena emateko epea.

Urtero bezala, lasterketa atletismoko erakunde ofizialen egutegian sartu dute, eta aurten, gainera, World Athletics erakundearen Label Road Races zigilua izango du maratoi erdiak. Antolatzaileek adierazi dutenez, Euskal Herrian zigilu hori duen proba bakarra da.

Aurtengo edizioak iazko lelo bera izango du: "Leloak dioen bezala, aupa zu! oihua egin nahiko genuke, garai zail hauetan, egoera larriren bat bizitzen ari den orori animoak emanez. Ea 2022an errepidean ikusten dugun elkar: batzuk korrika, beste batzuk txalotzen, zenbait laguntzen, zabaltzen, edota babesten". Probaren bitartez, Alejandro Gomez korrikalaria omendu nahi dute, joan zen urtarrilaren 31n hil baitzen.

Zestoako Kobaz Koba Trail mendi lasterketa izan ohi da eskualdean arrakasta handia izan ohi duen beste proba bat. Aurtengoan, otsailaren 13an jokatuko dute, eta ohi bezala, bi ibilbide izango ditu: hamabost kilometroko Artzei bidea eta 26 kilometroko Zaldei bidea. Dagoeneko agortu dira proban parte hartzeko dortsal guztiak, baina interesa dutenek itxaron zerrendan izena emateko aukera dute, kirolprobak.com helbidean.

Orioko Talai Mendi Trail lasterketak ere badu data. Hain zuzen ere, maiatzaren 22an jokatuko dute. 10:00etan Orioko plazatik abiatuko dira lasterkariak, eta bertan amaituko dute proba, hamalau kilometroko ibilbidea osatu ondoren. Nagusiki Kukuarri mendiaren inguruan ibiliko dira parte hartzaileak, eta 650 metroko desnibel positiboa izango du lasterketak.

Proban izena emateko epea laster zabalduko dute, urtarrilaren 10ean, kronoak.com atarian. Hemeretzi euro kostatuko da izen ematea, eta jakinarazi dute izena ematen duten aurreneko 200 korrikalarientzat egongo dela tokia.

Sariak zeintzuk izango diren ere azaldu dute antolatzaileek: gizonetan zein emakumeetan irabazten duenak txapela eta ehun euro jasoko ditu, bigarrenak 80 euro eta hirugarrenak 50 euro. Aurreneko oriotarrak, berriz, txapela eta erosketa txartela eskuratuko ditu.

Iaz jokatu zen aurrenekoz lasterketa, eta Oihana Kortazarrek eta Ibai Makazagak eskuratu zituzten txapelak.

Bestalde, Aiako XI. Mendi Lasterketaren data ere zehaztu dute. Datorren martxoaren 6an jokatuko dute proba, Pagoetako parke naturalean barrena. Korrikalariek hamabost kilometroko ibilbidea osatu beharko dute, 10:30ean Aiako plazatik abiatuta. 16 urtetik gorakoek parte har dezakete proban, eta kirolprobak.com helbidean eman behar da izena. Hemezortzi euro ordaindu beharko da izen ematea, eta dagoeneko 64 pertsonak eman dute izena. Dena den, 400 lagunentzako dortsalak dituzte, eta beraz, oraindik badago izena emateko aukera. Hainbat sari banatuko dituzte parte hartzaileen artean.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide